Lantokiko prestakuntza, datu baikorrak eta errealitate iluna

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko ots. 19a, 20:18

Lanbide Heziketako ikasleen aldarrikapen nagusienetakoa da praktiketako orduak lan ordu bezala aitortuak eta ordainduzkoak izatea. / Aiaraldea.eus

Lanbide Heziketaren atal nagusienetakoa da lantokiko prestakuntza. Bertan, ikasleek klasean landutako eduki teorikoak praktikan jartzen dituzte enpresetan. Otsailean hastekoak dira praktikaldiak eta Aiaraldeko gazteekin.

Bi dira eskualdeko lanbide heziketa eskola nagusiak: Zaraobe eta Laudioalde. Lanbide Heziketa eskaintza zabala da eskualdekoa; Goi, Erdi eta Oinarrizko mailako zikloak eskura jartzen dira espezializazio anitzekin. Lanbide Heziketako ziklo guztiek komunean duten irakasgaia da Lantokiko Prestakuntza. Bertan ikasleak enpresa batean aritzen dira, klasean barneratutako eduki teorikoa egoera errealen aurrean aplikatzeko.

Datuen atzeko baldintzak
260 eta 380 ordu bitarteko iraupena du ikasgaiak orotara, zikloaren mailaren arabera. Zikloko bigarren mailan burutzen da. Alabaina, ikasleak lehenengo eta bigarren mailako gainerako irakasgai guztiak gaindituak izan behar ditu bertan parte hartu ahal izateko.

Guztira 70 enpresa baino gehiagok hartzen dituzte Aiaraldeko Lanbide Heziketa eskoletako kideak. Praktikadun gehien hartzen dituzten enpresak Tubacex, Aiala Vidirio eta Inauxa dira.

Hala, ikasleak 8 ordu igarotzen ditu egunean enpresan. Ordu horiek goizeko 6ak eta gaueko 10ak bitarte egin behar ditu eta ezin du inolaz ere gauez edo aste bukaeretan enpresan aritu.

 

Ikasle kopuru gehien hartzen dituzten enpresak Tubacex, Aiala Vidirio eta Inauxa dira

 

Estatistikek baikorrak dirudite. 2016-2017 ikasturtean Lantokiko Prestakuntza jaso zuten ikasleen %34, enpresa berean dago egun lanean. Ikasleen beste %36ak ikasten jarraitu du, eta %25 inguruk lana topatu du praktikaldia bukatzerakoan beste enpresa batean. Antza, eta datuek horrela adierazten dute, ikasleen %6 aurkitzen da lan edo ikasi gabe.

Emaitzek, ordea, ez dute ematen ikasketa eta lan baldintzen gainean informazio askorik. Esanguratsua da 8 orduko lanaldi horiek, orokorrean, ordaindutako lanorduak ez izatea. Hots, enpresak langileak eskuratzen ditu ezer ordaindu gabe. Are gehiago, ikastetxetik eta instituzio publikoetatik dirua jasotzen dute, partideak bertan izateagatik. Ikasleen arteko ohiko kexa izaten da ere lanordu horiek ez kobratzeaz gain askotan ez dagozkien lanak egitera bideratzen dituztela.

Praktikaldiak suposatu beharko lukeenaren atzean beste errealitate bat topatzen dute, hortaz. Lantokiko Prestakuntzak ez ditu %100ean ikasleen behar akademikoak asetzen, are gutxiago baldintza prekarioetan enpresako gainontzeko lan berdina burutzera mugatzen denean. Beharraz galdetuta, gehiengoak konpartitzen du Lantokiko Prestakuntzaren garrantzia, tresna erabilgarritzat ikusten dute lan munduan murgiltzeko.

 

Ikasleen arteko ohiko kexa izaten da ere lanordu horiek ez kobratzeaz gain askotan ez dagozkien lanak egitera bideratzen dituztela

 

Formazio duala
Azken bi urteetan Lanbide Heziketa Duala jarri dute martxan bai Laudioalden eta baita Zaraoben ere. Ikas-ekinezko lanbide heziketa bezala definitu da. Honek ikasketa zentro eta enpresaren artean garatutako ikasketa prozesua dakar. Ikasleek ikastetxean igarotzen dute graduko lehenengo urtea. Bigarrena enpresan garatzen dute -eta hurrengo urteak ere, graduak ikasturte gehiago baldin baditu-. Lanbide Heziketako lantokiko prestakuntza ohikoan ez bezala, ikasleak enpresan egindako orduengatik soldata bat eskuratzeko eskubidea du lan kontratu bidez edota ikasketa beka bat eskuratuz.

Eskaintza, ordea, murritza da eskualdean oraindik. Zaraobek 2015-2016 ikasturtean jarri zuen formazio duala martxan Mekanizazioko 3 ikaslerekin. Hurrengo ikasturtean Goi-mailako Mekatronika Industrialeko gradua ere sartu zuten heziketa modalitate horretan, 10 ikaslerekin.

Laudioaldek plaza gehiago eskaintzen ditu Lanbide Heziketa Dualean eta, Zaraoben bezala, urtez urte hasiz doa. Iaz 19 ikasle izatetik 34 izatera pasa dira aurten.

Datuak baikorrak dirudite, hauen bilakaera gertutik jarraitu beharko litzatekeen arren. Lanbide Heziketa Dualean parte hartu zuten ikasleen %75ak enpresan jarraitzen du lanean, gradua amaitu eta sei hilabetetara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide