Goiz hasten dira Aiaraldeko gazteak alkohola probatzen, baina gehienek ez dute kontsumo jarraia egiten. Hori da Amurrio eta Laudioko ikastetxeetan eginiko galdetegietatik atera daiteken ondorio nagusienetako bat.
2016-2017 ikasturtean egin zen inkesta, Arabako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako -DBH- ikasleen artean. Urtarrilean aurkeztu zituzten herrialdeko emaitzak; eta Laudio eta Amurrioko hezkuntza zentroetakoak plazaratu dituzte orain. Lortutako datuek, baina, “eskualde osorako” balio dute, bi herri horietako ikastetxeetan inguruko herrietako ikasleak ere daudelako, eta gazteek “jai-eremua” konpartitzen dutelako. “Festetan hainbat herrietako lagunak biltzen dira. Ohiturak, beraz, ez dira herri bakarrekoak, eskualde osokoak baizik”, azaldu du Gotzon Minguez Ojembarrenak. Psikologo laudioarrak nabarmendu du 11-18 urte bitarteko 1.127 ikaslek erantzun dutela galdetegia, eta hori “oso lagin handia” dela mota honetako ikerketa baterako: “Datuak, beraz, oso errealak dira”.
Nerabe gehienek -%60ak- adierazi dute alkohola probatu izan dutela. “Baina horrek ez du esan nahi ohikoan kontsumitzen dutenik”, azpimarratu du Minguezek. 13 urte edo gehiago dituzten nagusien artean nabarmen egiten du gora alkohola probatu dutenen ehunekoak. “Gazte horiek seguru asko ez dute zaporea zein den jakiteko edan, bestelako efektu batzuk izateko baizik”, argitu du psikologoak, eta gaineratu du igoera horretan arazo bat egon daitekeela. “Hasiera goiztiarra arrisku faktore bat da. Gorputza garapen fasean dago, eta sartzen zaion edozein toxiko oztopo bat da”. Hala ere, egoerari larritasuna kendu dio Miguezek: “Estatistikoki hitz eginda gutxi dira alkoholarekin benetako arazoak izatera iristen direnak”.
Emakumeen kasuan kontsumoak behera egin du 16 urtetatik aurrera. Gizonezkoetan, aldiz, nabarmen handitu da
Baina, nork eskaintzen die alkohola adingabeei? %58,8k erantzun dutenez, adiskideen bidez lortu dute. Dena den, ehuneko esanguratsu batek senideen bidez jaso du: %31k, hain zuzen. “Badaude bere gurasoek trago bat eskainita probatu dutenak, zaporea zein den jakiteko; beste helbururik gabe”, argudiatu du Minguezek.
Gizonezkoek gehiegikeria gehiago
Kontsumoaren nolakotasuna, aldiz, “alkohol unitatetan” neurtu dute. Unitate horietako bakoitzak 10-12 gramo alkohol puru ditu. “Ardo edalontzi baten, kalimotxo baten edo 33 zentilitroko garagardo lata baten baliokidea da”, kontatu du adituak. 14-15 urtetik aurrera nabarmen igotzen da kontsumitzen diren unitateen kopurua. “20 unitate baino gehiago hartzea arrisku handiko kontsumoa da. Badaude maila horietara iristen diren gazteak”.
Hala ere, generoaren araberako ezberdintasunak ageri dira, azpimarratzeko modukoak: emakumeen kasuan kontsumoak behera egiten du 16 urtetatik aurrera. Gizonezkoetan, aldiz, nabarmen handitzen da.
"Betekada-alkoholikoen" kopurua ere kalkulatu dute. Denbora laburrean 5-6 unitate alkohol hartzean datza neurrigabeko kontsumo hori. Nerabe kontsumitzaileen %26,4ak aitortu du horrelako betekadak hilean behin baino gutxiagotan izaten dituela. Hala ere, hor ere alde handiak dauden generoaren arabera: astero kontsumo lar egiten duten gazteen artean gizonezkoen kopuruak bikoiztu egiten du emakumezkoena. Antzeko fenomenoa gertatzen da mozkorraldi-tasarekin -norberaren pertzepzio pertsonalaren arabera neurtzen den parametroa-.
Edari energetikoak dira “substantzia izarrak”, %24,4k erabiltzen baititu mota horretako produktuak alkoholarekin nahastuta kontsumitzeko
Edari energetikoen gorakada
Bestelako droga batzuengatik ere galdetu diete ikasleei galdetegian. Alkohola edaten duten pertsonen %17,3ak tabakoa kontsumitzen du baita, %11,8k kalamua, %5ak botikak, %1,8k lasaigarriak, %1,5ak speeda, %1,5ak kokaina...
Alta, alkoholarekin gehien kontsumitzen diren drogak ez dira horiek. Edari energetikoak dira “substantzia izarrak”, %24,4ak erabiltzen baititu mota horretako produktuak alkoholarekin nahasteko.
“Asko zabaltzen ari da edari energetikoen kontsumoa”, aipatu du ikerketaren egile Mariola Miguelek: “Sekulako kafeina dosia daukate eta alkoholaren faktore depresiboa orekatzeko erabiltzen dira, banaka ere kontsumitzen diren arren”. Mota horretako produktuen arriskuaz ohartarazi du: “Estatu Batuetan eta Mexikon ez dira dagoeneko supermerkatuetan saltzen, baina hemen elikagaien kategoria berean sartuta daude”.
Aisialdi-eredua eraldatu beharra
Alkoholaren efektuekiko ezagutza gutxi dagoela uste dute ikerketaren egileek. “Galdetegia erantzun duten gazteetako askok ez dute droga horrek kontsumitzeak dakartzan ondorio fisikoen berri, ez dute argi generoaren arabera dauden ezberdintasunak, ez eta kontsumoaren eta sexualitatearen artean dauden harremanak ere”. Prebentzio-saioak “lehenago” egin beharko liratekeela gaineratu du Minguezek: “Lehen hezkuntzan hasi beharko litzateke”.
Psikologo laudioarrak azpimarratu du alkohola “integraziorako mekanismoa” dela gazte askorentzat. “Inork ez zaitu edatera derrigortzen, baina koadrilaren presioa oso handia izan daiteke”. Horregatik, drogatzeko beharra sustatzen ez duten aisialdi ereduak sortu behar dira; haren ustez. “Badaude ezer kontsumitzen ez duten gazte asko, eta datu hori oso nabarmentzekoa da. Sare lana egin behar da, adingabeekin dauden elementu guztiekin: eskola, familia, aisialdi-elkarteak...”. Iritzi berekoa da Miguel: “Sustatu behar dira ondo pasatzeko beste modu batzuk”.