Igandean jokatu zen Euskadiko Kick Boxing Txapelketa La Casillan eta eskualdeko zenbait borrokalarik parte hartu zuten proban, emaitza onak eskuratzeko, gainera.
Horrela, Asier Ispizua laudiarrak urrezko domina eraman zuen 60 kilo azpiko kategorian. Hajime klubean dagoen bere kidea, Jagoba Pazos, txapeldunorde izan zen 63.5 kilo azpiko atalean.
Aratz Garmendia Okondon bizi den Kuraia gimnasioko borrokalaria ere txapeldun izan zen. Otsailaren 11n, K-1ean lortu zuen gauza bera. Horrez gain, protagonismo handia izan zuen ETB-2ko "A bocados" telebista saioan.
Chock Deek eta Cape Teamek ez zuten parte hartu
Amurrioko bi klubek erabaki zuten Euskadiko Kick Boxing lehiaketan ez aritzea. Izan ere, Aiara Fighters borrokaldia antolatu zuen lehen klubak otsailaren 10ean eta atsedena behar zuten.
Edonola ere, Chock Dee taldeko kideak urtarrilaren 21ean egon ziren Euskadiko Kick Light Txapelketan eta bi urrezko domina eskuratu zituzten Ruben Dominguezek eta Aitor Ibarluzeak. 10 urteko bi kide, Amets eta Anartz, bigarren izan ziren.
Blanco Pikatza anai-arrebek ere ez zuten parte hartu lehiaketan. Izan ere, Izaro Blanco Espainiako Selekzioarekin egon da Madrilen.