Aiaraldea
Pasa den egunean, Samuel Pasandin Arabako arduradun ohiak publikatutako iritzi-artikuluaren harira, bere eskualdean militantzia partekatu dugun ikasleok ohar hau publiko egitea erabaki dugu, Samuelen oharrak marra gorriak pasa dituela uste baitugu.
Aiaraldeako Ikasle Abertzaleok, gogor eta zorrotz salatu nahi dugu pasa den Asteazkenan ateratako oharra, eskualdeko errealitatearekin bat egiten ez duela uste baitugu. Lehenik eta behin, Samuk honakoa dio:
“Ikasleok mobilizatzen eta borrokan jarraitu dugu (egunerokoan eta txikitasunetik), baina atzean utzi ditugu garaipenak. Atzean utzi ditugu, estrategia falta nabaria dugulako, edo hobeto esanda, estrategia okerrera bultzatzen gaituztelako. Espektakuluan eta hitz potoloetan oinarritzen den estrategiara abokatu gaituzte. Ikasleon behar eta nahiak albora utziz, ustezko «iraultzailetasunaren» ikur bilakatu nahi dute ikasle antolakundea”.
Guk argi utzi nahi dugu, ez gaituela inork bultzatzen ezer egitera, eta Samuk izandako ardura edukita, negargarria iruditzen zaigu antolakundeak estrategiarik ez duela esatea, edota estrategia okerra bultzatzen duela esatea. Guk argi daukagu zapalduon interesetara egongo den Euskal Eskola Nazionala dugula helburu. Ez dira ikasleon nahiak albo batera utzi, eta lokalean lan handia egin da (nahiz eta Samu apenas agertu den), borroka lokalak aktibatzeko saiakerak eginez, eta ertainetako kideok formatzeko baliabideak emanez, zoritxarrez Samuelen partetik iritsi ez zaizkigunak hain zuzen ere.
“Ez da kasualitatea lege eta azterketa arrotzen inposizioari aurre egiteko apustuaren gainetik, beste subjektuetan eragiteko diskurtso jakin bat goratzea eta ikasleriaren beharrei entzungor egitea. Ez da kasualitatea gutxi batzuek nahi dutena betetzen ez dutenak zapaltzea, presionatzea eta alde batera uztea. Ez da kasualitatea herri hau burujabetza prozesua martxan jartzen ari den honetan beste alde batera begiratzea. Ez da kasualitatea bidea ikasle guztiekin egitea baino, gutxi batzuekin egin nahi izatea eta hori garaipen bat dela pentsatzea. Ez da kasualitatea gure hezkuntzarekin egiten ari diren delirioan hezkuntza errealitatetik oso urruti egotea.”
Paragrafo honen harira, lehenik eta behin garbi utzi nahi dugu ikasleok langile klasearen parte garela. Samuren esanetan beste subjetuetan eragiteko apustua egin du ikasle antolakundeak eta ez ikaslerian eragiteko, argi ikustaraziz bere ustez ikasleria eta langile klasea zerbait bereizi direla, argi dagoenean ikasleriaren gehiengoa “beste subjetuaren” parte dela, langile klasearen parte alegia. Ikasleriaren gehiengoak proletargoaren hurrengo belaunaldia osatuko du, azken belaunaldien zapalkuntza dugu horren adibide. Hitz potoloekin aritzen garela dio berak, eta gero “burujabetza” bezalako kontzeptua erabiltzen du, hitz potoloa hau edukian, berak ezeztatzen dituelarik bere argudio propioak. Burujabetzaren alde borrokan gabiltza hasieratik, gure eskubideen alde, ikastetxeetan, institutuetan eta gainontzeko esparruetan, ikasle elkartasuna ardatz izanik, gure erabaki propioak gauzatzeko, auto-antolakuntza gauzatzeko. Eta uste dugu, hezkuntzaren errealitatean ez egotea hain zuzen ere, Samuelek berak aplikatu beharreko kontua dela, bera ez baita eskualdetik agertu kurtso guzti honetan.
“Azken lau urteetan egoera aldatu egin dute, eta inolako eztabaida kolektiborik gabe.”
Guk dakigula, orain dela bi urte, Bilgune Prozesua deiturikoa eman zen antolakundearen baitan, lokal guztietan emandako eztabaida estrategiko eta taktikoen emaitza izan zena hain zuzen. Bertatik ondorio garrantzitsuak atera ziren, aski potoloak, eta Arabako arduraduna izandako batek barne prozesu hori horrela manipulatzea oso larria iruditzen zaigu, gure eskualdean izan duen inpaktuagatik batez ere. Bestetik, Hazia mailako asanblada orokorra ere burutu da aurten, eta bertan ere, erabaki-gune nagusia izaki, Samuk ez du parte-hartzeko ardura bete. Edozein militantek dakien bezala, zer esanik ez arduran horrenbeste denbora egon den pertsona batek, antolakundeko militanteok urte osoan zehar espazio desberdinak ditugu eztabaida eta erabakiak hartzeko Beste edozein antolakunden antolakunde zintzok bezala, eztabaida eta ildo politikoa militantziak markatzen du, modu kolektiboan uneoro eztabaida espazio desberdinak irekiz.
“Non, egunero borrokan dauden ikastetxeak? Non daude ikastetxeetako garaipen «txikiak»? Ikastetxeetan egoteak ez duelako esan nahi hezkuntza eraldatzen denik. Ondorioz, herri hau hezkuntzatik errotik eraldatu nahi duenak ez du lekurik ikasle antolakundean; ikasleriaren indarrean sinesten dugunok ere ez, feministak garenok eta feminismoaren eta emakumeen borrokaren zentralitatea aitortzen dugunok ere ez. Finean, ikasle borrokalariok ez dugu lekurik aldatu duten IA honetan.”
Ikasleok borrokan jarraitzen dugu. Ikaslegelaren aldeko borroka piztu genuen Aiaraldean, formakuntzarako mintegiak burutu ditugu eta ikasle jardunaldiak antolatu ditugu. Arraroa egiten zaigu ere, feminismoaren inguruan Samuk egiten duen hausnarketa. Berak inoiz parte-hartu ez duen prozesu feminista martxan jarri baitu antolakundeak aurten. Beraz, iruditzen zaigu ahoa ireki aurretik, eskualdean eduki duen presentzia nuloa, lokalarekin egin duen lanketa hutsala eta disziplina falta nabaria argi geratu behar direla.
Bestetik aditzera eman nahi dugu azken hilabeteotan gure eskualdean Samuk egindakoa. IA-tik kanpo ikasle asanbladak antolatzeko ahaleginak egin ditu. Guk ez dugu aditzera eman nahi horren kontra gaudenik, izan ere, IA eskualdeko ikasle subjektu nagusia izanik horren berri lehenago ez izateak susmo txarra eman bazigun ere lehen bileran gure presentzia handia izan zen. Bilera horretan, Aiaraldeako IA-ko bilera batera ere agertu ez den Samu zegoen eta bertan bere asmo eta intentzioen berri eman zigun. Bileran parte hartzeko asmoa izan genuen, honen helburua “Ikasleok Zorrotz” dinamika sortzea zela ikusi arte. “Ikasleok Zorrotz” dinamika bizkaian sortu den dinamika izanik honek harridura eta susmo txarra hareagotu egin zuen. Ez dugu ulertzen nola hitz egin dezaken Samuk ikasle mugimenduaren izenean, bere jardun politikoak argi ikustarazten duenean ez duela bere eskualdeko ikasle mugimendua ordezkatzen eta ez duela ikasle mugimendua bera errespetatzen.
“Azken urteetan egoera nola okertu den barrutik bizitzea tokatu zait, ahaleginak eta bi egin ditut egoerari buelta emateko baina azkenean, kanpoan utzi naute.”
Guri informatu zaigunaren arabera, Samuel ez da antolakundetik bota, berak bere oharrean esaten duen moduan. Berak zuen ardura, Arabako ardura, uztera gonbidatu zaio, disziplina falta nabariagatik eta antolakundeko prozesu, ildo eta funtzioak ez betetzeagatik. Berak hori onartu eta ulertu zuela adierazi ondoren, ardura utzi arren lokalean militatzen jardun zezakeen, baina ezta horrela izan. Jokaldi honek era garbian adierazten du zeintzuk ziren Samuren interesak, eta Aiaraldeako ikasleok oso haserre gaude bere jarrerarekin. Aiaraldeako ikasleok ez ditugu antolakundeak sorturiko baliabideak jaso, ez ditugu eztabaida txostenak jaso, eta Samuelek bere interes indibidualei begira jokatu du arduran, antolakundea bere interesetatik oso urrun egonik. Gainera, arduran zegoelarik, bere eginbeharrei kasurik egin gabe, antolakundearen interesekin bat egiten ez zuten mugimendu eta subjetu berriak sortzen saiatu dena bera izan da, atzetik eta itzalpean eginiko mugimenduen bidez.
Oso larria iruditzen zaigu antolakundeko herrialdeko arduradun izan den persona honek burutu duen traizioa antolakundearekiko. Barne disziplina hausteaz gain, ez gaitu militanteok errespetatu, ezta ere gure eskualdean hainbat alditan elkartu garenok ere. Atzetik joan da berak nahi izan duelako, eta bere ardura ez zuelako betetzen. Bada garaia Aiaraldean antolakundeko interesak bete eta anbtolakundearen mesedetara lanean jardungo duen arduradun bat egoteko, Samuk egin ez duen bezala.
Oso harro sentitzen gara Ikasle Abertzaleak antolakundearen parte izateagatik, harro ikasle mugimenduak hartu duen bidegatik, eta ez dugu onartuko, bere ardura betetzen ez duten pertsona batzuek, bere harrotasun eta jarrera propagandistikora bideratutako oharrak egitea, antolakundea egoera estuan jarri eta barne mailako egoerak publiko eginez. Hau ez da IAko militante baten jarduna.
Azkenik, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Arrasateko ikasleei, greba eskubide lortzeko borrokan. Izan ere, ikasleon anto-antolakuntzaren bidez eta ez burokrata gezurtien bidez lortuko dugu gure eskubideak bermatu eta langile klasearen interesen alde egongo den hezkuntza eredu bat sortzea. Horregatik, deialdia egiten diogu Euskal Herriko ikasleei eta bereziki Aiaraldeako ikasle guztiei Martxoaren 21ean burutuko den Ikasle Greban parte-hartzera.
Asko dugu irabazteko! Batzuen interes zikinen gainetik,
Gora ikasle Mugimendua!
Gora Ikasle Abertzaleak!
Gora Langile Klasea!
Aiaraldeako Ikasle Abertzaleak. Aiaraldean, Otsailaren 23an.