Martxoaren 3a, Aiaraldeko langile mugimendua piztu zuen sugarra

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mar. 1a, 12:07

Aceros de Llodio lantegiko beharginak izan ziren makinak gelditu zituzten lehenbizikoak. Irudian, fabrikaren itxieraren aurka eginiko mobilizazio bat. / Aceros 25 urte

1976ko martxoaren 3an Gasteizen poliziak eragindako sarraskiak eragin nabarmena izan zuen eskualdean. Protesta gisa, Aiaraldeko lehen greba orokorra egin zen, eta  hiru egunez luzatu zen; langile askok euren egun bateko soldata eman zieten poliziak hildako beharginen senideei. Guardia Zibila mobilizazioetara bertaratu zen baina ez zen aparteko liskarrik egon, tentsioa oso handia izan bazen ere egun horietan. 

Datorren martxoaren 3an 42 urte beteko dira Gasteizen poliziak bost behargin hil zituenetik. Lau hamarkada baino gehiago igaro dira, baina Koldo Gaviñak ondo oroitzen du gertatutakoa, bertan egon baitzen. “Langileen bilera bat egiten ari ginen, garai horietan egiten ziren beste asko bezalakoa”, oroitu du garai hartan Aceros de Llodion lan egiten zuen amurrioarrak, “Elizan geunden eta polizia jendea kanporatzen hasi zen. Tiroak entzun genituen eta eraikinaren barruan geratu ginen ordu erdiz”. Atera zirenerako jada ez zegoen ezer, anbulantziak baino ez. “Hurrengo egunera arte ez genuen jakin zer gertatu zen”.

Lehenengo greba orokorra
Hurrengo egunean Laudiora ere iritsi zen albistea. “Segituan gelditu genituen fabrikako makinak”, oroitu du Aceros de Llodioko langilea ere zen Kepa Garrotek. Lantegitik atera eta herriko plazara abiatu ziren beharginak. San Pedro elizan bilduta erabaki zuten greba orokorra deitzea, Aiaraldeko lehena izango zena. Bi egunez luzatu ziren lanuzteak, eta herri osora zabaldu zen protesta, ikasleekin eta herriko beste hainbat bizilagunekin batera.

Mobilizazioetako batzuk oso jendetsuak izan ziren; Garroteren arabera, 8.000 pertsona batzera iritsi ziren. Guardia Zibila presente egon zen egin ziren ekimenetako batzuetan. “Hesi bat osatu zuten plazan eta tiratzaileak jarri zituzten teilatu gehienetan. Baina geroz eta gehiago hurbiltzen hasi ginen. Guardia zibilek atzera egin zuten orduan, harik eta paretaren aurka jarri ziren arte. Euren fusilen kanoiak ukitzera iritsi ginen ia, buelta eman eta alboko kaletik joatea erabaki genuen arte”.Elkartasuna ez zen mobilizazioetara mugatu. “Langileen egun bateko soldata bildu eta Gasteizen hildakoen senideei eman genien”, nabarmendu du Gaviñak. 
Argi dago: Martxoaren 3ak eragin handia izan zuen eskualdean. Lehenago lantegietan protesta eta ekimen ugari egin ziren arren, Gasteizko gertakariek erein zuten Aiaraldeko langile mugimenduaren hazia, eta hurrengo urteetan oso indartsua bilakatuko zen.

Acerosen dokumentala
Aceros 25 urte dokumentalerako eginiko elkarrizketetan kontatu dituzte Gaviñak eta Garrotek arestian aipatutako bizipenak:

 Aiaraldea Gaur hedabideak dokumental horren zuzeneko emisioa eskainiko du datorren igandean -martxoak 4- Aiaraldea.eus atarian, 21:00etatik aurrera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide