Erakusketa kolektiboa antolatu duzue. Zertan datza?
Ainhoa: Bakoitzak bere lanak aurkezteko baliatu dugu. Jarraikortasun batekin antolatu dugu. Erakusketara sartzerakoan nire pareta agertzen da, kolore gutxikoa, garbiagoa. Leireren partera pasatzen gara gero, zeinetan apurka-apurka koloreak agertzen doazen. Urkorena da azkena, zeinetan koloreak oso saturatuak eta indartsuak azaltzen diren.
Leire: Azken gunean “kolaboratzaileen pareta” jarri dugu. Unibertsitateko lagunei luzatu diegu parte hartzeko gonbita. Sofia kolaboratzaile bat zen hasieran, baina asko lagundu gaitu eta erakusketaren parte bihurtu da.
Zertan datza zati bakoitza?
Ainhoa: Nire zatian koaderno bat azaltzen da, ilustrazioak dituena. Nire sentimenduak adierazteko baliatzen dut batez ere. Gauzak era sinple batean azaltzen saiatzen naiz. Bat batean sortzen zaizkidan sentimenduan azkar ateratzeko baliatzen dut koadernoa. Sentimendu horren erregistro edo garbiketa egiteko baliatzen dut.
Leire: Ni gauzak egiten hasten naiz, asko pentsatu gabe. Zirriborro batzuk jarri ditut paretan, unibertsitatean aspaldi eginikoak. Hainbat aldaketa egin dizkiet. Koadroetan, aldiz, teknika berriak baliatu ditut. Oso identifikatua sentitzen zait grabatuaren teknikarekin.
Plater batzuk marraztu ditut baita ere. Eguneroko objektu bat baliatu nahi nuen, baina nirera ekarrita. Asko gustatzen zait istorio laburrak eta olerkiak irakurtzea. Italo Calvinoren Ciudades invisibles liburuko pertsonaiak atera eta nire istorio propioa sortu nuen.
Beti erabiltzen dut emakumearen figura, asko gustatzen zait. Baina ez dut aurretik asko pentsatzen zer egingo dudan. Apunteak hartzen ditut, eta gero oso denbora tarte txikian sortzen ditut lanak.
Urko: Nik hainbat testu jarri ditut paretan, eta filosofia moduko bat sortu dit nire lana bideratzeko, istorio baten bidez azaltzeko. Kolore biziak baliatu ditut jendearen arreta deitzeko. Ilustrazio konplexuak dira, esanahi askorekin. Detaile bakoitzak badu aurretiaz pentsatutako esanahi bat. Gauza estetiko bat egiten saiatu naiz.
Testuetan agertzen diren istorioak autobiografikoak dira, nire bizipen eta pentsamenduetan oinarrituak, nire esperientzia psikologikoetan.
Sofia: Nire erakusketa zatiak kutsu politiko antiarrazista dauka. Nire asmoa erroen aldarrikapena egitea da. Betidanik ikaskuntzan mendebaldeko artea erakutsi digute eta, ondorioz, honen eboluzioaren bila aritu gara. Nire jatorriak ahalbideratzen dit beste toki batean inspirazioa bilatzea eta obra dekolonialak sortzea. Honekin batera, askatasunaren aldarrikapena erabiltzen dut oinarri gisa. Mahaitxoan ikusi daitezkeen koadernoak guzti honekin lotuta daude. Bi handiak margolan askeak eta zirriborrorik gabekoak dira. Beste aldetik, koaderno gorria errealitatearen pertzepzioari buruzko gogoeta pertsonalak eta kanpokoak dauzka ilustrazioekin, baita momentuan sorturiko ausazko pentsamenduak ere.
Unibertsitatetik ezagutzen zarete. Nola antolatu zarete erakusketa egiteko? Zergatik hautatu duzue Laudio?
Leire: Nik erakusketa bat egitea nuen buruan, eta areto honetan pentsatu nuen, handia eta garbia delako. Erreserba egin nuen, baina denborak aurrera egin ahal pentsatu nuen handiegia zela. Urkori proposatu nion orduan erakusketa elkarrekin egitea. Ainhoa batu zen gero. Esku artean zuen erakusketa batean parte hartzeko gonbita luzatu zigun, eta guk ere gurean parte hartzea proposatu genion. Modu horretan, hiru erakusketa egingo genituen hirurak batera.
Gero pentsatu genuen aretoa hain handia zenez pena mereziko lukeela jende gehiago batzea, talde handiagoa izateko.
Unibertsitatean zabiltzate ikasten, Arte Ederren fakultatean. Nola ikusten duzue etorkizuna?
Ainhoa: Nire ikuspuntua positiboa da. Ez dakit lanaren aldetik nola ibiliko garen, baina erakusketa egin dugunok bagaude gauzak egiteko gogoekin.
Leire: Nik uste dut gizartea berriz ari dela arteari garrantzia ematen. Egon zen garai “minimal” bat, zeinetan gauza karratuak gailentzen ziren. Orain, aldiz, eskuz eginiko gauzak ari dira indarra hartzen. Gu gai gara makinak egiteko gai ez diren hori adierazteko, eta horrek jendeak gustuko du. Geroz eta gehiago ikusten dira eskuz eginiko gauzak marketinean, adibidez.
Urko: Nik dudan beldurra bada diseinuan aritzerakoan artearen atala albo batera uztea. Horrelako proiektuen bidez arte mundua jorratzea da gure asmoa.
Sofia: Etorkizuna.... Behin, pasaden urtean, zakarrontzi batean pintada bat ikusi nuen: "Etorkizunean pentsatzea jainkoan sinestea bezala da". Azkenean itsuka goaz, eta pertsonalki ez daukat inolako beharrik ezer prestatzeko. Etorkizuna hamaika aukeraz beteta ikusten dut, agian indiako fruta merkatu batean amaitzen dut lan egiten, margolanak kalean sortzen. Edo obra bat saltzen diot David Hockneyri, bere tutoretzapekoa bihurtzen naiz eta Leedseko luxuzko etxe batean bizitzen amaitzen dut.
Bestelako proiekturik duzue buruan?
Leire: Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxeko areto bat erreserbatu nahi dugu erakusketa jartzeko.
Berdina?
Urko: Bai, erakusketa bera izango da, baina lan gehiago jarriko ditugu, ez baitugu sortzeari utzi.
Leire: Sofiari leku gehiago egingo diogu baita ere, Laudioko erakusketan azken unean batu zelako. Hortaz gain, bakoitzak bere proiektuak ditu.
Zeintzuk?
Urko: Nik, adibidez, kamisetak egiten ditut. Disko baten azala diseinatu dut baita, hilabete honetan aterako dena.
Leire: Ni liburu bat ilustratzen nabil eta disko baten azala egitea proposatu didate baita ere.
Sofia: Bai, proiektuz beteriko burua eta eskuak dauzkat, baina nire erritmora noa: presarik gabe baina etenaldi gabe.