Lan hitzarmen berria adostu eta sinatu dute Tubacexeko langileen ordezkarien gehiengoak -ELAk, CCOOk eta Independenteek- enpresaren zuzendaritzarekin. 2020ra arte egongo da hitzarmen hori indarrean Laudio zein Amurrioko lantegietan.
Beharginen batzarra egingo da aste honetan, hitzarmena behin betiko onartzen den edo ez zehazteko. “Enplegu finkoa, errelebo-kontratuak eta soldatetan hobekuntzak” barnebiltzen ditu dokumentuak, enpresaren zuzendaritzaren aburuz.
Enpresa 25 milioi euro inbertitzera konprometitu da Laudio eta Amurrioko lantegietan. “Espero dugu mota honetako akordioek balio izatea gure proiektu enpresariala errotu eta produktu estrategikoak garatzeko”, azaldu dute zuzendaritzako kideek.