Asteburu betea izan zuten Orkatzak taldeko kirolariek. Martxoaren 17 eta 18an Alto Sil mendi lasterketa burutu zen Leonen eta bertan izan ziren laudioarrak Amurrioko Trail taldeko zenbait kiderekin batera. Neguko eguraldiari egin behar izan zioten aurre larunbateko kilometro bertikalean zein igandeko lasterketetan.
Bizkaiko Trail Kopa
Igandean hasi zen Bizkaiko Trail Kopa, Arrieta herrian, 20 kilometrotako lasterketa malkartsu batekin. Orkatzak taldeko Arkaitz Estebanek lehenengo postua lortu zuen bertan. 8 etapako proba da Bizkaiko Kopa eta abendura arte luzatuko da.
Aiaramendi Korrikalariak
Aiaramendi taldeko kideek ere bi lasterketatan parte hartu zuten asteburuan eta emaitza onak eskuratu zituzten. Iñaki Isasi Senpereko Trail Lasterketan aritu zen. 700 korrikalarik parte hartu zuten bertan eta aiararrak 4. postua eskuratu zuen, beteranoen kategorian irabazle izan zen. Iñigo Carbalho, aldiz, Gurriana Trail lasterketan izan zen, Kantabrian. Honek ere 1. postua eskuratu zuen bere kategorian, sailkapen orokorrean 5. geratu ostean. Ez zen, ordea, hori izan asteburuan Carbalhok lehiatuko zuen lasterketa bakarra, Getxo Gau Traileko lehenengo edizioan parte hartu baitzuen larunbat iluntzean. 7,5 kilometrotako lasterketa izan zen eta Aiaramendiko korrikalariak 2. postua lortu zuen.