Abian da aurtengo "Bertsoa bizi gazte" lehiaketa. Martxoaren erdialdean aurkeztu zuten, eta dagoeneko Arabako hainbat herritan egin dituzte saioak.
Julen Zulaika arduradunak azaldu duenez, Laudioko hiru ikastetxeetan eta Amurrioko bi eskoletan gauzatu dituzte tailerrak. Bertsoa gazteengana gerturatzea helburu, herri mailako topaketak ere antolatu dituzte. Laudiokoa, esaterako, martxoaren 23an izan zen; Laudioalde aretoan. Bertan elkartu ziren Laudio Ikastolako nerabeak, Laudio BHIkoak eta La Milagrosa eskolakoak. "Zaraoben eta Aresketa Ikastolan egingo ditugu hurrengo emanaldiak".
"Bertsoa bizi gazte" lehiaketa
Behin eskoletako tailerrak emanda, Amurrion eta Laudion ikastaro laburrak egingo ditu Arabako Bertsozale Elkarteak, bideoklipak egiten laguntzeko gazteei.
Gaiaren aukeraketa taldearen esku geratuko da; baita modalitatea ere: bertso musikatua, abestiei letrak aldatzea edota Rap moldaera. Partaideei dagokienez, 3-8 lagunek osatu beharko dute taldea. Lanak euskara hutsean egon beharko dira.
Epeei dagokienean, maiatzaren 4a izango da entregatzeko azken eguna. Gazte guztiekin Legution egingo dute "BBG eguna". "Bertan bideoklipak ikusiko ditugu, bertsolari gazteen eskolarteko saioaz gozatu, sariak banatu, herri bazkaria, kontzertuak... Egun osoko egitaraua prestatu dugu gazteen gozamenerako", erantsi du.
4 sari
Orotara lau sari banatuko dituzte: bideoklip onenaren saria, originalarena, webguneko bozkatuena eta txalometroarena. Bideo guztiak nibanaxarabakoa.eus webgunean egongo dira ikusgai. Irabazleek irailaren 7, 8 eta 9an asteburupasa izango dute ordain, Eulaten, Urbasako natur-parkean (Nafarroa) kirol abentura eginez.