Larunbatean, apirilak 28, ospatuko da San Prudentzio eguna, Arabako patroia. Oso errotuta dago ospakizun hori Aiaraldeko hainbat herritan. Aiarako jaiak, esaterako, santu horren omenez ospatzen dira. Egitarau oparoa antolatu da eskualdeko hainbat tokitan sanprudentzioen testuinguruan.
Prudentzio V. mendean Arabako Armentia herrian jaiotako pertsonaia bat izan zen. Hainbat mirari egin zituelakoan santu izendatu zuten VIII. mendean eta handik gutxira Arabako Patroi bihurtuko zuten.
Barraskilo eta danborren sasoia ere badira sanprudentzioak. Ohiturei jarraituz danborren burrunbak hartuko ditu kaleak eta barraskilo-janak bazkalorduak. Egun hauetako sinbolo bilakatu dira bi elementu horiek eta, noski, Aiaraldean ere badute bere lekua. Sanprudentzioetako ospakizunen epizentroa Gasteizeko Armentiako zelaietan dagoen arren, herrialde osoan janzten dira jai-giroz apirilaren 28aren inguruko egunak.
Danborren desfileak ohitura modernoa izanik, jende ugari erakartzen dute. Aiarako Etxaurren ikastola da danborradak antolatzen hasi zen eskualdeko lehenengo ikastetxea. Orain, Amurrion zein Laudion ere entzun daitezke sukaldariz jantzitako gaztetxoen danborren burrunbak.
Danborradek eta gastronomiak soilik ez, kirolak ere presentzia nabarmena izango du datozen egunetako ospakizunetan
San Prudentzio egunaren bezpera izaten da danborrak ateratzeko eguna eta eskualdeko herrietan horrela izango da ere. Amurrion danborrada txikia 15:30ean egingo dute eta nagusia 20:00etan. Laudion Rakatapla elkartea 22:00etan zeharkatuko ditu herriko kaleak, aste luzetako entseguen ostean. 00:00etan Laudioko Plazan bukatuko dute kalejira San Prudentzioren omenezko erretreta joaz.
Barraskiloak ere ezinbesteko pieza dira egun honetan. Ohitura bilakatu da animalia horiek tomate saltsan jatea. Rakataplak Barraskiloen Gastronomia Lehiaketaren XXVI. edizioa antolatuko du apirilaren 29an.
Geroz eta arrakasta gehiago du urtez urte antolatzen den txapelketa horrek. Parte-hartzaileak 9:00etan elkartuko dira Herriko Plazan. 12:30ean, aldiz, Rakataplako kideek prestatutako barraskiloak dastatzeko aukera egongo da. Amurrion ere barraskilo jana egingo dute, apirilaren 27an hain zuzen. Danborrada bukatu ostean 2 eurotara salduko dituzte errazioak Juan de Urrutia Plazan.
Kirolaren presentzia
Sanprudentzioen egitarau oparoan kirolak ere bere lekua izango du. Apirilaren 28an bertan Aiarako III. Mendi Duatloia egingo da Arespalditzan. Urtez urte haziz doan kirol froga da hori, iaz 100 partaide egon ziren. Amurrion, aldiz, San Prudentzioko 3x3 saskibaloi saria ospatuko da eta Laudioko bolatokian San Prudentzioko Bolo Sari Nagusia egongo da jokoan.
Eskupilotak ere izango du bere tokia, pilota partidak egongo baitira Amurrio, Luiaondo eta Artziniegan. Bizikleta zaleek zita izango dute goizean, Amurrioko Saria jokatuko baita herriko errepideetan zehar.
Ekintzak, ordea, ez dira San Prudentzio egunera mugatuko. Apirilaren 27an Arabako Bolo Sari Nagusia egongo da lehian Luiandoko bolatokian. Apirilaren 29an, aldiz, Okondoko bolatokian. Hockeyak ere bere lekua izango du maiatzaren 5ean eta 6ean, Gardeako zelaian jokatuko baita XXIX. Hockeyko San Prudentzio lehiaketa.