Nerea Iglesias laudioarra eta Luisa Ibarrola saratxoarra ibilbide akademikoa eta profesionala uztartzen ari dira. Lehenak antzerkian dihardu. Bigarrenak, aldiz, txirrindularitzan. Diziplina ezberdinak jorratu arren, biak datoz bat: denbora antolatzea da gakoa.
“Azterketak eta entrenamenduak egun berean izateak” zailtzen du gehien uztarketa, Luisa Ibarrolaren ustetan, “ikasketak egunean eramateak”. Horregatik murrizten ditu kirol prestaketa orduak institutuan probak dituenean.
Lehentasunak ezartzen
Nerea Iglesias Lilik, aldiz, lehentasunak ezartzeari ematen dio garrantzia: “Horretarako, norberak bizitzan non eta nola dagoen hausnartu beharra dauka, indarrei erreparatu, hartzen diren ardurak eramangarriak izateko eta estresagarriak bilaka ez daitezen”. Antzerkiak “on asko” egiten diola-eta, zailtasun sentimendua desegiten zaio laudioarrari: “Zaila ez izateko niretzat inportantea da kalitateari arreta jartzea, ez kantitateari. Lau proiektu beharreanbi hautatzen ditut”. Oztopo nagusien jakitun da Iglesias: “unibertsitateko eta antzerkiko une potenteak solapatzea”.
Gazte askok uztartzen dituzte ikasketak euren zaletasun edo pasioen garatzearekin
Eguneroko lana
Eguneroko lana da funtsezkoena Ibarrolarentzat: “Biak ondo eramateko entrenatzea eta etxerako lanak egunean eramatea da gakoa. Batzuetan ez da posible, baina saiatu egiten naiz”. Sekretua denbora bilatzea dela dio saratxoarrak: “Egin dezakezula sinestea, eta ondoren, batzuen ustez ez dagoen denbora bilatzea”.
Iglesiasek aktore izateko edo bestelako ametsak lortzeko ondorengoa proposatzen du: plazera sortzen duen errutinak hartzea; “zintzotasuna izatea norberaren indarrarekin; eta urteak, egunak , orduak... horren arabera antolatzea, kalitatea kantitatearen gainetik jarriz”.
Alabaina, zaintzearen beharra azpimarratu du, bai lan orduak eta baita atsedenekoak ere: “Izan ere, deskantsu barik ez dago energia berreskuratzerik, beraz, atsedenak ere bere pisua du”.