Iragan apirilaren 13an Laudioko Lamuza Parkeko Kultur Etxeko espazio huts bat okupatu zuen gazte talde batek, bertan ikasgela bat atontzeko helburuarekin. “Gutxi dira ikasteko aukerak eskaintzen dituzten espazioak, are gutxiago ikasketa modu kritikoan sustatzen dutenak”, azaldu zuten okupazioa iragartzeko plazaratutako irakurketan. Gauzak hala, ikasgela xede horretara bideratua egongo dela jakinarazi zuten.
Bilera ireki eta auzolan ugari egin dituzte azken asteetan, proiektuari forma ematen hasteko. Iragan asteburuan, adibidez, bertso-afari bat egin zuten, egitasmoa finantzatzeko.
PSE-EE eta PP, aurka
Laudioko PP eta PSE-EEko kideek prentsa-oharrak plazaratu zituzten iragan astean, okupazioaren aurka zeudela adierazi eta udalari “hartu beharreko neurriak” exigitzeko. Alderdi Popularreko kideek ohartarazi zuten udalak ezer egin ezean eurak arduratuko zirela espazioaren desalojoa gauzatzeko erabakiak hartzeaz.
Alderdi sozialistako kideek, aldiz, ikasgelaren “autogestio proiektuaren aurka” zeudela azpimarratu zuten, “Lamuza parkearen profesionalizazioa” aldarrikatzearekin batera.
Udalaren erantzuna
Iragan ostiraleko prentsaurrekoan azaldu zuen udal-gobernu taldeak bere jarrera. Espazioa okupatu zuten gazteekin bilduko zirela jakinarazi zuten, “euren iritzien berri jaso eta, era berean, udalaren iritzia helarazteko”. Zentzu horretan, udal-gobenuko kideek adierazi zuten ez zutela “desalojo polizial bat” sustatuko.
Ikasgela ugari eskualdean
Garrantzi handia dute ikasteko espazioek eskualdeko ikasleentzako. Azterketa garaian udal-liburutegietara joatea baino ez dago halako espazioen beharraz jabetzeko. Hori dela eta, liburutegi askotan ordutegi bereziak izaten dituzte ikasketa-garaian. Hala egiten dute Laudiokoan, adibidez. Iaz 299 egunez egon zen udal-liburutegia irekita, eta horietako 32 azterketa garaian izan ziren, udalak emandako datuen arabera.
Antzeko zerbait egiten dute Amurrion. Udal liburutegia maiatza eta ekaineko asteburuetan zabaltzen da ikasgela moduan. Horrez gain, El Reforren ere badago ikasteko aukera, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:30etara.
Arrankudiaga-Zolloko Udalak lonja bat du alokatuta herriko elizaren aurrean. Bi gela ditu, ikastaroak egiteko bata eta ikasgela bezala erabiltzeko bestea. Udalean giltza eskatuta erabili daitezke biak.
Urduñan, aldiz, bi ikasgela daude: taldekako lanak egitekoa eta ixilik ikasteko gela. Biak daude Alondegian eta astelehenetik ostiralera erabili daitezke, goizez (10:00-13:30) zein arratsaldez (16:30 – 20:30).
Orozkon, aldiz, gaztetxokoa baliatzen da azterketa garaian ikasteko gune gisa. Eskualdeko beste herri batzuetan, aldiz, ikasgelak eraikitzeko asmotan dabiltza. Artziniegan udaletxe zaharrean atondu nahi dute, Gazte Txokoaren barruan.
Luiaondon, aldiz, Pakita Etxean kokatuko dute. “Diru laguntza eskatu diogu horretarako Arabako Foru Aldundiari”, jakinarazi du Gentza Alamillo Aiarako alkateak.