Txirrindularitzak ehunka kirolari mugitu ditu asteburuan -zubia barne- Aiaraldean. Larunbatean junior kategoriako lasterketa egon zen Amurrion, igandean kadeteak lehiatu ziren Arespalditzan eta atzo San Jose auzoan Amurrion erabaki zen Arabako Txapelketa. Urduñan ere gazteen 46. Klasikoa jokatu zen.
Asier Castilla Arabako Txapelduna
Asier Castilla Pikazak eskuratu zuen atzo Arabako txapela kadeteen artean. Horretarako, asteburu gogorra izan du. Larunbatean podiumera igo zen Arespalditzan, 2. postuan. Bakarrik irabazleak, Hodei Murciak alegia, gainditu zuen.
Atzo, Asier Castilla Pikazak berriro ihesaldian sartu zuen bere burua eta 3. lekua hartu zuen podiumean Amurrioko San Jose auzoan, Igor Arrieta Euskadiko Txapeldunaren eta Unai Aznarren atzetik. Bi lasterketa bikain horiei esker, besteak beste, Arabako Txapelduna izan da.
Bere taldeak, Aiara Txirrindularitza Elkarteak ere, garaipena erdietsi zuen Arespalditzan taldekako sailkapenean. Dena den, une latzak ere igaro dituzte. Berez, atzoko ihesaldian Mikel Berazak eta Eder Caminok erorketa izan zuten. Berazaren istripuak itxura txarra zeukan, baina kaskoari esker, ezer ezean geratu zen zauria. Ez da lehenengo aldia Mikel Berazarentzat, ezbehar arriskutsuei dagokienez.
Luisa Ibarrola 2. Burgosen
Luisa Ibarrolak aste ikaragarriak bete izan ditu apirilean. Hasteko, Caspeko errepideko lasterketan (Espainiako Txapelketarako puntuagarria) irabazi zuen gazte kategorian hilabetearen erdialdean. Duela 10 bat egun Arnedoko Mountain Bike proban gailendu zen.
Asteburuan, ordea, Burgoseko Biran parte hartu zuen. Errepideko lasterketa 3 etapek osatu zuten. Bigarren hitzorduan, Villarcayon, Luisak lortu zuen garaipena sprintean (Caspen bezala). Poza de Salen izan zen azken proba eta saratxoarra podiumeko 2. postua hartu zuen, Mireia Trias txapeldunaren atzetik. 5 segundo eskasera geratu zen Luisa sailkapen nagusian.
Urduñako 46. Klasikoa
Txirrindulari gazteek atzo beste hitzordu bat izan zuten Urduñan. Bere 46. Lasterketa Klasikoaren edizioan Jon Barrenetxeak irabazi zuen nagusitasunez, baina alderik nabarmenena pelotoian zegoen.
Izan ere, gazteen artean kirolari nagusi bat zegoen; Alberto Escobar. Gizonezkoa 2. izan zen 1985eko proban eta berriro parte hartu zuen lehiatu gabe; txirrindularitza egokituan, hain zuzen. Saiatu Fundazioko kideak Bizkaiko Federazioaren baimena eskuratu zuen bere prestakuntza hobetzeko.