Bigarrenez antolatu du Arabako Bertsozale Elkarteak "Oholtzapetik" ekimena. Lau saio izango dira guztira, eta launa bertsolarik hartuko dute parte bakoitzean. Txapelketaren berezitasuna, ordea, epaitzeko modua izango da. Izan ere, entzuleak izango dira ekainaren 1ean Murgian jokatuko den finaleko hautagaiak hautatuko dituztenak. Saio bakoitzetik pertsona bakarra sailkatuko da.
Eskualdean bi emanaldi
Aiaraldea ere izango da dinamikaren lekuko. Artziniegak abiatuko du egitasmoa, gaur 20:30ean frontoian. Nieves del Alamo gai-jartzailearen esanetara arituko dira kantuan Martin Abarrategi, Andere Arriolabengoa, Aroa Arrizubieta eta Rikardo Gonzalez de Durana.
Aretako Kultura Etxean, berriz, maiatzaren 18an izango da bertso saioa. Xabi Antiak, Izar Mendigurenek, Oihane Pereak eta Felipe Zelaietak abestuko dute Lierni Altunaren gidaritzapean.
"Oholtzapetik" egitasmoa antolatzen den bigarren aldia da. Duela bi urte, Asier Rubiok, Serapio Lopezek eta Izar Mendigurenek hartu zuten parte; eta azken biak heldu ziren finalera.