aiaraldea.eus

Adierazpen instituzionala plazaratu du Aiarako Koadrilak LGTBIQfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta

Erabiltzailearen aurpegia Aiarako Kuadrilla   Jendartea  Aiaraldea

Maiatzaren 17a LGTBIQfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Aiarako Kuadrillak dibertsitate afektibo eta sexuala zein genero identitate anitzak ospatzen dituen eskualdea aldarrikatu nahi du, heterosexualitatea araua ez den eskualdea, LGTBIQ kolektiboari egindako erasoak zigorrik gabe uzten ez diren eskualdea. LGTBIfobiak ez du soilik pertsonen askatasuna arriskuan jartzen, baita gizarte osoaren ongizatea ere.

Gaur, Kuadrillak hitz ematen du Eskubide Sexualen Adierazpen Unibertsala aldeztu eta sustatuko duela, bai eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak 2014ko irailaren 26an onetsitako ebazpena ere, eta gure elkartasuna adierazten dugu publikoki munduko hainbat lekutan sexu orientazioarengatik eta genero identitatearengatik jazarpena, tortura eta bazterkeria jasaten dutenekin.

Era berean, Aiarako Kuadrillak bere gain hartzen du sexualitate, genero eta desio anitzak ikusarazteko konpromisoa, eta LGTBIQ taldekoen kontrako diskriminazioari, estigmatizatzeari eta bortizkeriari aurre egitekoa, berdintasun politika publikoaren bidez.

Hala, Kuadrillak sexu eta genero aniztasunaren gaia lantzen jarraituko du:

*LGTBIQ ikuspuntua zehar-lerro bidez txertatzen programa eta ekintza guztietan: hezkuntza, gizarte zerbitzuak, osasuna, aisialdia, gazteak eta umeak, helduak… betiere LGTBIQ kolektibo eta mugimendu feministarekin koordinatuz.

*Hezkidetza programen barruan, hezkuntza zentroekin eta Berritzegunearekin koordinatuta.

*Hitzaldiak eta erakusketak antolatu eta koordinatuko ditu herritarrak kontzientziatzeko, Aiaraldeko Berdintasunerako Gunearekin eta gainerako Berdintasun Zerbitzuekin batera, betiere, LGTBIQ kolektibo eta mugimendu feministarekin koordinatuz eta beraien ekarpen guztiak jasoz.

*Kuadrillako weborrialdean, LGTBIQfobiari aurre egiteko baliabideen berri emango da, herritarrek gaiari buruzko informazioa izateko.

*Azkenik, Kuadrillako egoitzan, ortzadarraren bandera jarriko da maiatzean eta ekainean, genero eta sexu aniztasunaren aldeko konpromisoa bistaratzeko.

Amaitzeko, dei egiten diegu herritarrei Aiaraldean maiatzaren 17ko kanpaina dela eta, antolatutako ekintzetan parte hartzera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa