Amurrio eta Laudio arteko parke linealak komun eta iturri gabezia du, EH Bilduren ustez. Arabako Batzar Nagusietara eraman zuten azpiegitura horiek jartzeko proposamena, eta onartu egin zen. Hala, bidean barrena kokatuko dituzte komunak, atsedenguneak, seinaleak eta beste.
Arabako Batzar Nagusiek Ingurumen diputatuari eskatu diote urtea baino lehen aurkeztea azterketa, "udalen eta erabiltzaileen ekarpenak kontuan hartuta". Mozioa onartuta, beraz, Nerbioiko bidegorrian hobekuntzak egiteko konpromisoa hartu du Arabako Batzar Nagusiak. "Beharren azterketa aurkeztu beharko du Aldundiak urtea amaitu baino lehen. Ondoren, premiaz gauzatu beharko du", adierazi dute.