“Euskarak %100ko presentzia hartu du taldean”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mai. 15a, 14:00
Lau kidek osatzen dute taldea. / Mushkum

Mushkum taldeko kidea da LUIS VIL, JUNCAL ANTZUGARAI, JOSEAN VALLE eta AMAYA MOLEONekin batera. Proiektu musikalaren bigarren lana plazaratu berri dute: Nire totem animalia diskoa. 

Bigarren diskoa publikatu berri duzue. Zer berrikuntza ditu lehenengoarekin alderatuta?

Mushkumen lehen albuma zerbait esperimentala bezala jaio zen, Jucal, Amaya, Josean eta ni elkartu ginenean. Gure buruak instrumentu osaera sinple batera mugatzea zen asmoa: Kitarra akustikoa, pianoa eta perkusioa. Osaera horretara mugatuaz gure buruak derrigortu genituen abestiak musikaren oinarrietara joz konposatzera, gure nortasuna eragin diguten estilo guztien artean bilatuz.

Lehen diskoaren ostean, eta hainbat kontzertu eta entseguren ondoren, handitu egin da taldekideen arteko elkar-ezagutza. Bigarren disko honetarako bagenuen ideia argiago bat gure soinu propioa sortzeko jarraitu beharreko bidearen eta gure zuzenekoetan garatzeko abestiak konposatzearen inguruan, gure inprobisazio, perfomance eta dantzen taularatzea indartzeko. Zuzenekoa gure %50 da. Nire totem animalia lanak soinu indartsuagoa dauka, Denbora diskoak baino izaera definituagoarekin.

Taupaka elkartearekin publikatu duzue disko berria. Zer dela eta?

Taupakako kideek proposatu ziguten diskoa eurekin plazaratzea. Dugun harreman pertsonalaz harago, gustuko dugu elkarte gisa duten filosofia, sorkuntza askatasun osoa eskaintzen ziguten eta, batez ere, diskoa SGAEren menpe egon gabe argitaratzea. Bistakoa da gauza asko ditugula komunean.

Diskoko letra guztiak dira euskaraz.

Denbora diskoa hiru abesti plazaratu genituen gazteleraz. Baina, aipatu dugun bezala, lehenbiziko lan hori gure izaera osatzeko baliatu genuen, eta konturatu gara Mushkumen euskarak %100ko protagonismoa hartu duela. Modu kontziente batean hartutako erabakia izan da, abestietan euskararen zolitasuna gaztelerarena baino egokiagoa zela ikusita.

 

"Etxeko saloian entzuteko musika baino zerbait gehiago eskaini nahi diogu entzuleari"

 

Zer kontatzen dute letrek?

Juncalek idazten ditu. Gai emozional eta existentzialak jorratzen dituzte. Eguneroko istorio eta aferetatik aldendu nahi dugu, gai poetikoetara  transzenditzeko. Lengoaia hori askoz liluragarriagoa dela uste dugu. Ez dira hiru zati klasikoetan harrapatutako kontakizunak.
Gauzak hala, testuen interpretazioa entzuleen esku geratzen da. Bistakoa den guztia azkar igarotzen da entzulearen burutik, asimilatzeko erraza delako. Poetikoa den hori, aldiz, bizirik jarraitzen du, esanahiaren etengabeko bilaketa bat ematen delako.

Zuen zuzenekoetan asko zaintzen duzue taularatzea.

Etxeko saloian entzuteko musika baino zerbait gehiago eskaini nahi diogu entzuleari. Musikatik harago doan zuzenekoa eskaintzen dugu. Eszenatoki aurrean dauden ikusleak ikuskizun batez gozatzea da gure helburua, bere zentzumenak etengabe piztuaz. Ikuskizuna taldeak taulara igo baino lehen hasten dela esan daiteke Gure eszenatokia set bat da, elementu teknikoak (mikroak, heldulekuak...) egurrezko, budinezko edota larruzko elementuekin -eskuz eginiko eskulturak, besteak beste- uztartzen dituena.

Horrez gain, aipatu beharra dago abestiak zuzenekoetan diskoan baino gehiago garatzen ditugula, inprobisazioa, dantza eta perfomanceak gehituta, besteak beste.

Diskoa aurkezteari ekin diozue. Zer asmo edo proiektu dituzue etorkizunera begira?

Ahalik eta toki gehienetan jotzea eta bideoklipak grabatzen jarraitzea. Bat argitaratu dugu dagoeneko, Basamortuan abestiarena. Denbora diskoarekin 3 bideoklip plazatu genituen, eta antzeko zerbait egingo dugu Nire totem animalia lanarekin. Multimediaren aroan bizi gara eta Mushkum taldeko kideoi asko gustatzen zaigu irudiaren artea: estetika, argazkilaritza, bideoa... musikaren osagarri ezin-hobea dela deritzogu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide