Egungo datuen eta hauteskunde legediaren ondorioz, Aiarako Kuadrillak ordezkari bat galduko du datorren urteko Foru Hauteskundeen ostean osatuko den Arabako Batzar Nagusietan. Berez, Aiaraldeko erakunde arabarreko udalerrietan populazioaren galeraren eta Gasteizko biztanleriaren gorakadaren emaitza izango da hori.
Hauteskunde legearen aldaketa
1987an PSEk, Euskadiko Ezkerrak eta Eusko Alkartasunak hauteskunde legea moldatu zuten eta geroztik, 3 zirkunskripziotan oinarritu da ordezkarien banaketa Arabako Batzar Nagusietan: 38 batzarkide Gasteiz, 6 Aiara eta 7 Lur Jareetan (Tierras Esparsas, gazteleraz).
Duela 31 urte ezarritako irizpideen ondorioz, Aiarako Kuadrillak ordezkari bat gutxiago izango du hurrengo foru hauteskundetan.
EAJk moldaketa berria proposatu du: Kuadrillak erdigunean
Hauteskunde legearen harira, esparru politikoan EAJk hautsak harrotu ditu Añanan sustatutako mozioarekin. Izan ere, jeltzaleek eskatu dute Arabako Batzar Nagusien ordezkari kopurua egokitzea lurraldearen errealitate eta erakunde anitzak hizpide izanda, eta ez bakarrik populazioa.
Zentzu horretan, EAJren aburuz, Arabako Kuadrilla orok bere arazo eta behar propioak lantzeko aukera izan beharko lukete Arabako Batzar Nagusietan, eta hori bermatzeko modua da ordezkari banaketa eta zirkunskripzioak aldatzea.
EAJk mozioa bultzatu du Araban 3 zirkunskripzio egon ordez, 7 sor daitezen
Gauzak horrela, jeltzaleen asmoa da 7 zirkunskripzioren sorrera, hiru izan ordez. Euren asmoa da, hain zuzen, Aiarak 6 ordezkari mantentzea, Añanan 2 egotea, Arabar Errioxan beste 2, Lautadan beste 2, Gorbeialdean 2, Mendialdean 1 eta Gasteizen 36.
Horrek ahalbidetuko luke Lur Jareek biltzen dituzten kuadrilla guztiek bere ordezkari propioak izatea, euren errealitateei lotua, alegia.
EH Bilduren jarrera
EH Bilduk adierazi du urtebete eskas geratzen dela hauteskundeak izateko, eta, ondorioz, ez direla jazotzen baldintza onenak eztabaida hori emateko. Besteak beste, Europar Batasuneko hauteskunde praktika onen gida aipatu dute jarrera hori babesteko.
Edonola ere, koalizio abertzaleak bat egiten du EAJrekin puntu batean: hauteskunde legea eztabaidatzeko eta adosteko beharra dagoela Araban. Aldiz, EH Bilduren aburuz, orain egingo balitz, denek euren kalkulu politikoen arabera gauzatuko lukete.
Horren ordez, EH Bilduk herritarren eta hainbat erakunderen partaidetzarekin egin nahi du prozesu guztia, adostasun zabala sortzeko eta ikuspegi guztiak partekatzeko. Besteak beste, EH Bilduren iritzia da Gasteiz eta kuadrillen arteko dikotomia gainditu beharra dagoela, baina kuadrilla bakoitzak hartzen duen jarrera babesteko prest dago.
PP aurka
Ana Morales PPko bozeramailea Arabako Batzar Nagusietan ere iritzia plazaratu du jakinarazteko, bere ustez, EAJ eta EH Bilduren asmoa dela euren mesederako aldatzea hauteskunde legea. Halaber, Moralesek adierazi du abertzaleen helburua dela Gasteizko herritarren ahotsa zentsuratzea. Are gehiago, popularrek iruzurtzat jo dute aldaketaren egitasmoa.