Hijaba, aiaraldeko emakumeen ikuspegitik

Aitor Aspuru Saez 2018ko mai. 25a, 11:00

Belo islamikoak ez du soilik harremana erlijioarekin, identitateak ere pisu handia du. / Lan Rasso

Gai korapilatsua da hijabak -emakume musulman batzuek janzten duten buruzapia- gure jendartera ekarri duen eztabaida. Izan ere, emakumeek soilik janzten dute eta horrek kutsu matxistaren susmoa pizten du. Hala ere, ez al da egokiagoa emakume musulmanei euren ikuspuntuaz galdetzea, gaiaren inguruko komentarioak egin baino lehen?

Maiz entzuten den eztabaida da zapi islamikoarena. Horretarako matxismoaren ardatza baliatzen bada orokorrean, ezin da alde batean utzi polemikak aldagai gehiagori eragiten diela zuzenean: erlijioari eta identitateari, esaterako.

Hortaz, feminismoa gogoko ez duten pertsona askok mugimendu horren aldarrikapenak erabiltzen dituztenean gai horretan -bakarrik horretan, eta ez beste esparru batzuetan-, pentsatu daiteke islamofobia edo, zuzenean, arrazismoa sustatzeko erabiltzen dutela.

Izan ere, zapiaren afera genero kontu hutsean uztean, emakumeen identitatearen esparrua baztertzeko arriskuan geratzen gara. Eta kosmopaleto askok behin eta berriro errepikatzen badute ere mundu global honetan identitateak garrantzirik ez daukala, errealitateak etengabe erakusten du baietz. Katalunian zein Belgikan, Estatu Batuetan, Euskal Herrian edo Libanon, identitatea gizartearen erdigunean dago. Eragina dauka beltza, zuria, musulmana edo kristaua izateak, estatu propio izan edo ez izateak ere garrantzia duen bezala.

Bi emakumerekin solasean
Gaia lantzeko euskal gizartean buru-belarri sartuta dauden bi emakumeri galdetu diegu belo islamikoaren inguruan. Ouazna El Khalloufi duela 32 urte bizi da Aiaraldean eta 15 urterekin etorri zen. Berez, aita aitzindaria izan zen erresidentzia txartela lortzen seme-alabentzat.

Bizitza arrunta dauka; lantegi batean aritzen da eta pozik azaltzen du bertan tratua beti ona izan dela, berdintasunean oinarritua. Ouaznak gogoko du inork ez erreparatzea bere presentzian eta horregatik, besteak beste, ez du zapia janzten: “inork ez ninduke kontratatuko hijaba jarriko banu”. Oraindik gogoratzen du Laudiora heldu zenean jende orok begiratzen zuela bere ama estralurtarra izango balitz bezala, beloa erabilita ilea estaltzen baitzuen. Gaztea zenetik ez du soinean eraman eta ohitu da horrela bizitzera, baina bere burua marokoartzat jotzen duen neurrian, erro horiek mantentzea gogoko luke, etxean ahal duen heinean arabiarrez mintzatzen diren bezala. Zentzu horretan, Ouaznak nahiko luke beloa janztea: “hobeto sentituko nintzateke”. Hala eta guztiz ere, ez eramateak bizitza errazten dio.

 

Aiaraldeko bi emakume musulmanekin hitz egin dugu hijabaren erabileraren inguruan

 

"%100 feministak"
Fatima Bidalle sahararrak, ordea, kalean eta lanean beti estaltzen du ilea eta arazoak ematen dizkio horrek: “inork ez du nire lana beloagatik baloratu behar, baizik eta egiten dudanagatik”. Bere kasuan, ordea, hautuak ez dauka zerikusia soilik islamarekin. “Koranak esaten du begirada maltzurrak ekiditeko jartzen dela beloa”. Baina, gehienbat, Saharako kulturari lotzen du: “Gurea ez da hijaba, mahlfa baizik".

Orokorrean koloredunak dira eta sasoiaren arabera hautatzen dugu bata edo bestea. Udaberrian laranja janzten dugu asko. Bestalde, Saudi Arabian hijaba beltza da beti. Guk kolore hori norbait hil denean edo gerran gaudenean soilik hautatzen dugu. Herri bakoitzak bere kultura du, eta niretzat ez da fidatzekoa bere erroak atzean uzten dituena”.

Bidallek modu aktiboan parte hartu zuen iragan martxoaren 8ko mobilizazioetan eta beloa matxismoaren isla ote den galdetzen diotenean berehala erantzuten du: “Hasteko, mahlfa ez da derrigorrezkoa. Ezkongabea izan zaitezke, eta, hala ere, jantzi. Sahararrak %100ean feministak gara eta horrek ez du zerikusirik beloarekin, baizik eta ideiekin. Ideiak oso argi izan behar ditu norberak bide egokia hartzeko eta duintasunaren alde borrokatzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide