Orkatzak Mendi Korrikalariak: "Asteburu oparoa izan da hau"

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko eka. 6a, 09:59

Asteburu oparoa izan dute Orkatzak taldeko mendi korrikalariek. Camile Extrem lasterketan, Zeberioko mendi lasterketan eta Euskal Herriko Mendi Erronkan egon dira.

Euskal Herriko hainbat txokotan aritu dira korrika Orkatzak taldeko kideak. Izaskun Larrinaga, Toño Herrero eta Javi Vaquero, esaterako, Camile Extrem proban izan dira, Izaban. Aiaraldeko beste hainbat korrikalari bertaratu ziren Nafarroako ekimenera. "Denen hitzetan oso lasterketa gogorra izan zen, eguraldi oso kaskarrarekin", adierazi dute. Dena den, taldeko kide guztiek bukatu zuten erronka.

Podium ugari
Igandean, aldiz, Zeberiora hurbildu ziren Aritz Esteban, Mariñe Izaola eta Andoni Iglesias. Mariñe Izaolak hirugarren postua eskuratu zuen emakumezkoen kategorian, eta Aritz Esteban laugarren sailkatu zen gizonezkoetan.

Mendi bideetan beharrean, asfaltoan aritu zen Josu Apraiz. Arratiako lasterketan hirugarren helmugaratu zen Apraiz, "beste behin ere izugarrizko lasterketa egin ondoren".

Horri, Iban Morenok Euskal Herriko Mendi Erronka burutu izana gehitu behar zaio, nahiz eta ezin izan zituen 68 kilometroak bukatu. Orkatzak taldeak Morenoren ahalegina azpimarratu du. Taldekideen lana oinarri hartuta, asteburua oparotzat jo dute, eta aiaraldearrak zoriondu egin dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide