"Emakume norbanako zein taldeak saretzea izango da helburu nagusia"

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko eka. 6a, 16:48
Ezkerretik eskumara, Arantza Anzibar, Itziar Camino eta Garazi Martin. / Aiaraldea.eus

GARAZI MARTIN (Laudio, 1993), ITZIAR CAMINO (Okondo, 1968) eta ARANTZA ANZIZAR (Urduña, 1975) ari dira, besteak beste, Aiaraldeko Emakumeen Lehen Topaketa Feminista antolatzen.

Aiaraldea Ekintzen Faktoriako feminismo lantaldeko kideak zarete. Zein izan da orain arte egindako bidea?

Itziar: Topaketak deitu aurretik, eskualdeko feminismoaren diagnostikoa egiten hasi ginen, herriz herri. Eskualdean bagenekien emakume talde asko zeudela, baina plangintza egin ahal izateko diagnostikoa falta zitzaigun. Eurekin harremanetan jarri eta taula batean jaso genituen datu guztiak: taldeak, adin-tartea, ekintzak, asmoak, arazoak... Abiapuntu horretatik erabaki genuen “Feminismoa Aiaraldean” jardunaldia egitea, eskualdeko emakume norbanako eta taldeak elkar ezagutzeko; eta diagnostikoa kolektiboki osatzeko. Hortik atera ziren zenbait ondorio nagusi: emakumeak saretzearen garrantzia, espazioak edota foroak sortzeko beharra eta ahalduntzeko premia.

Ekainaren 9an eskualdeko emakumeen topaketak antolatu dituzue. Zein helbururekin?

Garazi: Apirileko hausnarketa horretatik eskualdeko gabeziak eta aukerak atera genituen. Emakume norbanako zein taldeak saretzea izango da helburu garrantzitsuena, herri ezberdinetako taldeak eta norbanakoak ezagutzeko. Horrela bakoitzaren asmoak eta beharrak konpartituko ditugu, eta Faktoriak zein behar bete ditzakeen ikusi.

 

"Topaketa hauetatik emakumeon beharrak eta eskualdeko helburuak zehaztuko ditugu"

 

Zergatik da garrantzitsua emakumeen espazio edo foroak sortzea?

Arantza: Topaketa hauetatik emakumeon beharrak eta eskualdeko helburuak zehaztuko ditugu. Eraso matxistek eta greba feministak emakumeak elkartzea ekarri du. Gure balioa, indarra eta boterea ikusteko balio izan digu. Aiaraldeko -edo Euskal Herriko- Mugimendu Feministak planteatutako ekintzek zeinen indartsuak garen ohartzeko balio izan digute, elkarrekin batera aldaketetarako gaitasuna dugula konturatzeko.

Topaketa ez-mistoa izango da. Emakumeek espazio eta proiektu propioak behar dituzte?

Itziar: Bai. Ekintza mistoak eta ez-mistoak egiteko uneak daude, eta oraingoa emakumeena soilik izan behar dela argi dugu. Beste parada batzuk egongo dira elkarrekin hausnartzeko. Egungo jendartean eta ditugun helburuekin, topaketak emakumeei soilik bideratzea ezinbestekoa iruditu zaigu. Topaketak abiapuntua baino ez dira izango, proiektu eta dinamika berriak etorriko dira gero.

Arantza: Emakumeak urte luzez izan dira isilaraziak edota ikusezinak. Gure arazoetaz hitz egiteko gu geu izan behar gara hitza hartzen dugunak. Inork ez du gure ahotsa ordezkatu behar, guk soilik dakigu nola eragiten digun biolentziak, ezin du beste inork definitu ez deskribatu hori. Emakumeok espazio eta proiektu propioak eta konfiantzazkoak behar ditugu.

 

"Ekintza mistoak eta ez-mistoak egiteko uneak daude, eta oraingoa emakumeena soilik izan behar dela argi dugu"

 

Aurrera begira, proiektu edo espazioak sortzeko asmoa duzue, beraz?

Garazi: Bai. Asmoa da topaketa urtero antolatzea, eskualdekotasuna harturik oinarri gisa. Ez dugu bailarako herri nagusietara mugatu nahi. Aurten Laudioko Faktorian egingo ditugu, baina urtean zehar hainbat tokitan antolatuko ditugu gauzak, ez da topaketa batean geratuko.


Hiru belaunaldi ezberdinetakoak zarete. Nola ikusten duzue eskualdean mugimendu feminista?

Garazi: Martxoaren 8ko greba feministak emakumeak piztu gintuen. Taldeetan antolatuta ez dauden emakumeek euren espazioa aurkitu zuten kalera ateratzeko eta beraiek ere parte zirela konturatzeko. Mugimendu Feminista gero eta errotuago eta saretuago dago. Lehen herri eta talde bakoitzak bere kabuz funtzionatzen zuen, alboko herriko jardueren berri izan gabe. Gure helburua koordinazioa eta komunikazioa hobetzea da.

 

"Urtean zehar hainbat tokitan antolatuko ditugu gauzak, ez da topaketa batean geratuko"

 

Itziar: Nik uste dut azken boladan emakumeen artean kontzientzia gehiago hartu dugula. Gehiago konturatzen gara gure balioaz, eta jendartean dugun garrantziaz. Ondorioz, ahotsa eta lekua izan behar dugu, ezinbestekoa da gure ekarpena. Hori agerian utzi behar da, ezin da bigarren plano batean geratu gure lana. Horretarako Aiaraldea Ekintzen Faktoriak egingo duen topaketa oso garrantzitsua da nire ustez, taldeak elkartzea ahalbidetuko duelako. Eta, helburua ez delako aisialdi soila. Ekintza guztiek emakumeak ahalduntzea dute helburu.

Arantza: Euskal Herrian Mugimendu Feministak aspaldi hartu du indarra. Martxoaren 8ko mobilizazioekin argi geratu zen, ikusgarritasun gehiago hartu zuen feminismoak, baina beti egon da bizirik. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu belaunaldiartekotasuna. Niretzat sekulakoa da Mugimendu Feministak duen lanerako gaitasun eta sormena.

Elkarren esperientzietatik elikatzeko zein aukera edo oztopo daude?
Garazi: Ez dut uste oztoporik dagoenik. Bakoitzaren beharrei erantzuteko bide ezberdinak hartu ditugu. Gazteok nahi batzuk ditugu, eta jende nagusiagoak beste batzuk. Topaketek adinaz ahaztu eta batera lan egiteko gune izan nahi dute, elkar ezagutzeko. Gauza oso garrantzitsua da belaunaldiartekotasuna mugimendu feministan. Kulturartekotasuna ere hor dago, lurralde ezberdinetako emakumeak baitaude eskualdean, apenas harremantzen garen arren.

 

"Modua, espazioa edo bidea bilatu beharko dugu kultura ezberdinetako emakumeak elkartzeko puntu bat sortzeko"

 

Kultur aniztasunari bide eman nahi diozue, beraz?
Garazi: Erronka handia da, baina ez dugu jomuga galdu behar. Kultura ezberdinetako emakumeak ere feminismoaren parte dira. Modua, espazioa edo bidea bilatu beharko dugu kultura ezberdinetako emakumeak elkartzeko puntu bat sortzeko. Zentzu horretan, Faktoriatik ekintza ezberdinak plantea litezke.

Arantza: Urduñan, bere garaian, “Munduko janak” dinamika genuen. Ekintza oso politak eta aberasgarriak dira, baina jarduera puntualetan geratzen dira. Ez dugu gehiago sakontzea eta egonkortzea lortu, hankamotz geratu zaigu. Erronka handia baina polita da.

“Feminismoa ehuntzen” deitu diozue ekintzetako bati. Zerekin nahi duzue josi eskualdea?

Garazi: Apirileko jardunaldietako helburuei ekintzekin erantzun nahi diegu. Guzti horretaz eztabaidatuko da larunbatean. Herri eta taldeen arteko komunikazioa hobetzeko, esaterako, aldizkaria eratzea proposatuko dugu, Aiaraldea hedabidearekin elkarlanean.

Itziar: Koordinazioa eta saretzea, komunikazioa, ahalduntzea eta indarkeria matxista izango dira eztabaidaren oinarriak.

 

"Memoria historikoa berreskuratu eta ezagutzera eman behar dugu, ikuspegi feministatik"

 

Arantza: Memoria historiko feministan ere hutsuneak daude. Emakumeen lorpenak eta gaitasunak ez ditugu ikustarazi. Esparru ezberdinetan lanean dabiltzan emakumeez oso gutxi dakigu.

Itziar: Haur eta gazteek gizonezkoen erreferentziak jasotzen dituzte, emakumeenak ez. Eskualdean eta Euskal Herrian ikusezina izan da emakumeen lana. Memoria historikoa berreskuratu eta ezagutzera eman behar dugu, ikuspegi feministatik.

Egitaraua osatzean eskualdeko artisten tailer eta gogoetak azaleratu dituzue.

Arantza: Hori izan da topaketaren oinarria, eskualdeko emakumeak protagonista izatea. Harrobia denerako dagoela konturatu gara. Partaide guztiak eskualdekoak izango dira. Marta Mateosek dantza tailerra gidatuko du, eta josteko tailerra -buruberokiena- antolatzeko jostunengana jo da laguntza eske. Bazkaria ere bailarako emakumeen artean prestatuko dugu, tokiko produktuekin.

Aurrera begira, espazio edo proiektu gehiago sortzeko asmoa duzue?

Garazi: Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren baitan hainbat ildo eta lan-talde daude. Horien artean dago feminismoa ere, hilero talde bat elkartzen gara. Proiektu komunitarioa izanik, herri ezberdinetako emakumeak batzen gara, elkarren berri izan eta ekintzak elkarrekin antolatzeko. Faktoriatik ere gauzak antolatuko ditugu eskualdean barrena.

Itziar: Lanean jarraituko dugu eskualdeko herri guztietan ekintzak antolatzeko. Aiaraldea Ekintzen Faktoriako lan-talde feminista izango da horretarako ardatza, jasotako proposamenak aztertu eta aurrera eramateko.

Arantza: Topaketak bidean aurrera jarraitzeko erregai bilketa izango dira. Zenbat eta indar gehiago sentitu, ekiteko orduan eta gogo gehiago izango dugu eta urrunago helduko gara!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide