Baserrietan edo landa eremuko etxebizitzetan sortu daitezkeen arazo eta kalteei aurre egitea, hori da Sutearo elkartearen helburu nagusia. Baina ez da aseguru-etxe bat, elkarteko kideek nabarmendu dutenez. “Ematen ditugun babes eta laguntzak antzekoak dira, baina funtzionamendua guztiz desberdina da. Asanblearioak gara %100ean”. Nabarmendu dutenez, Sutearok ez du “egitura hierarkizatu edo piramidalik”. Baserrien eta etxebizitzen jabeak dira elkartea aurrera eramaten dutenak. Bazkideak “ermandadetan” biltzen dira eta Sutearo ermandade horien kudeaketa administratiboaz arduratzen da. Erabakiak modu asanblearioan hartzen dituzte elkartean: urtero batzar orokorrak egiten dira ermandadade guztietan eta bazkide guztiek dute horietan parte hartzeko aukera.
Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, baserriak “eremu ezezaguna” izan ohi dira aseguru konpainientzat. “Ondorioz, baserritarrak aseguru etxeetara hurbiltzean nolabait babesgabe edo noraezean sentitzen direla diote”.
Ekarpen berdina guztiek
Auzolana, partaidetza, bazkidetza, elkar-laguntza eta autogestioa. Horiek dira elkartearen funtzionamendua definitzen duten hiru hitzak. Bazkideek ekarpen bat egiten dute, etxebizitza edo baserriaren balioaren arabera zehazten dena. Trukean, babes eta laguntzak jasotzen dituzte elkartearen partetik, euren beharrizanetara egokitutakoak. Bazkide guztiek dituzte eskubide eta betebehar berak. Hainbat istripu motekiko babesa ematen du elkarteak: erantzunkizun zibila, suteak, tximistak, euria, haizea, elurra, lapurretak, urak eragindako kalteak...
Prebentzio lana ere egiten dute Sutearon, baserritarrei izan ditzaten kalteei buruzko informazioa eta aholkuak emanez. Hainbat egitasmo egin dituzte horri begira: elkarteko bazkideen baserri guztietan su-itzalgailuak jarri dituzte, tximiniaren garbiketaren garrantzia nabarmendu dute, tximistek eragiten dituzten kalteak ekiditeko aukerei buruzko informazioa banatu dute eta ikastaro praktikoak egin dituzte zenbait herritan, besteak beste.
5.000 etxe
Egun 5.000 etxe babesten ditu Sutearok. Bizkaia eta Gipuzkoan daude gehienak, baina Aiaraldean ere presentzia nabarmena dauka elkarteak. Orozko, Laudio, Amurrio, Arrankudiaga-Zollo, Urduña eta Okondoko 200 etxebizitza baino gehiago daude Sutearon sartuta. Sutearo.eus atarian topatu daiteke elkarteari buruzko informazio gehiago.