Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Euskaraz izango dira gure bigarren diskoko ia abesti guztiak”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko eka. 11a, 07:00

Urte hasieran plazaratu zuten diskoa. / Aiaraldea.eus

IRUNE ELGEZABAL eta ERLANTZ SERRANO musikariak daude Ziztada&Rlantz proiektuaren atzean. Urtarrilean plazaratu zuten lehen diskoa, eta bigarrena prestatzeari ekin diote dagoeneko.

Ziztada & Rlantz gisa diskoa plazaratu berri duzue. Nola elkartu zineten?

Irune: Akerjenbe Sound Sistemarekin grabatu nuen nire lehenbiziko abestia. Aiaraldeko Soinu Sistemaren jaietara ere joateko ohitura neukan -Erlantz talde horretako kidea da-. Abesti bat grabatu genuen behin, eta hortik sortu zen disko osoa. Orain dela urtebete sortu zen proiektua.

Erlantz: Lehen abestia sortu ostean atera zen diskoa grabatzearen ideia. Formatu fisikoan eta digitalean plazaratu dugu.

Abestien letrei dagokionez, zer motatako gaiak jorratzen dituzue?

Irune: Sistemaren aurkako letrak dira ia gehienak. Biolentzia matxistaren aurkako kanta bat dugu eta baita Aiaraldeko Soinu Sistemaren jaiei buruzko bat ere.

Erlantz: “Txori bihurtu” da atera genuen lehen abestia, baina ez dago diskoan. “Single” bezala argitaratu genuen.

Nolakoa izaten da abestien sorrera prozesua? Letra sortzen duzue lehenbizi eta gero musika, edo alderantziz?

Irune: Gehienetan Erlantzek oinarri instrumentala bidaltzen dit eta horren gainean egiten dut letra.

Kontzertuak ematen hasi zarete. Zer asmo duzue udari begira?

Irune: Aiaraldeko Soinu Sistemak antolatzen dituen jaietan abesten dut normalean, Erlantzek musika jartzen duen bitartean. Horrez gain, hasi gara biak bakarrik kontzertuak ematen, Gaztetxeetan gehienbat.

Erlantz: Aiaraldeko Soinu Sistemarekin gaudenean ez dugu ohiko kontzertu formatua egiten, abestiak musikarekin tartekatzen ditugu. Kontzertua eskaintzen dugunean ordubete inguruko emanaldia egiten dugu, eta musika jartzen geratzen gara gero.

Euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko letrak topatu daitezke diskoan. Zeren arabera erabakitzen duzue hizkuntza batean edo bestean aritzea?

Irune: Ez dakit. Brutality Sound taldeko kideek abesti bat eskatu ziguten eta gazteleraz egin genuen, euren giroa ez delako oso euskalduna. Baina nik nahiago dut letrak euskaraz egitea, erosoago abesten dut hizkuntza horretan. Lehen disko honetan hizkuntza ezberdinak probatu ditugu, zer moduz moldatzen ginen ikusteko. Baina gure hurrengo diskoko abesti gehienak euskaraz izango dira.

Hasi zarete bigarren diskoa grabatzen?

Irune: Abestiren bat edo beste osatzeari ekin diogu.

Erlantz: Diskoa atera baino lehen hainbat “single” argitaratuko ditugu. Baditugu batzuk grabatuta, beste kolektibo batzuekin plazaratzeko.

Soinu Sistemen munduan elkarlan handia egon ohi da musikarien artean. Nola ematen da elkarlan hori?

Erlantz: Guk abestiak sortzen ditugu gure taldearentzako, baina beste kolektibo batzuentzako kantak ere egiten ditugu, eurek euren festetan jar ditzaten. Dubplate deitzen zaie kanta horiei, eta gure musika beste sound sistemetan zabaltzeko balio dute.

Irune: Duela gutxi dubplate bat egin genion Galiziako kide bati, gure musika bertatik ere zabaltzeko.

 

"Guk abestiak sortzen ditugu gure taldearentzako, baina beste kolektibo batzuentzako kantak ere egiten ditugu, eurek euren festetan jar ditzaten"

 

Duela ia bost urte sortu zen Aiaraldeko Soinu Sistema taldea. Zer nolako ibilbidea egin du ordutik gaur egun arte?

Erlantz: Oso positiboki baloratzen dugu eginiko ibilbidea. Gure lehenengo jaialdietan lau katu baino ez geunden azken orduan. Orain egiten ditugun festetara, aldiz, jende pila bertaratzen da. Badaude inoiz huts egiten ez duten zaleak.

Mugimendua indartsu dago, beraz?

Irune: Egoera asko hobetu dela esango nuke. Duela lau urte Leioako gaztetxera joaten nintzen, bertan egiten zirelako mota honetako jaialdi guztiak. Ez zegoen soinu sistemen mugimendu indartsurik, bizpahiru talde baino ez zeuden. Baina apurka-apurka joan da jendea animatzen.

Erlantz: Azken bolada honetan hiruzpalau soinu sistema berri sortu dira Euskal Herrian. Bizkaian daude gehienak, Bilbon.

Nola azalduko zeniokete zertan datzan Soinu sistemen kultura gaiaz ezer ez dakienari?

Erlantz: Soinu sistema “bafle-dorre” bat da, funtsean. Gero talde bakoitzak nahi duen musika estiloa jartzeko balia dezake soinu ekipo hori. Orain oso modan dago reggaea edo stepa jartzea, baina beste edozein motatako musika jartzeko baliatu daitezke soinu sistemak.

 

"Sistemaren aurkako letrak dira gure ia geuztiak"

 

Nola definituko zenukete egiten duzuen musika?

Erlantz: Reggae-stepa dela esaten dut nik. Reggaea dugu oinarri, baina stepa egiten dugu gehienbat. Aiaraldeko Soinu Sisteman baliatzen dugulako eta gogoko dugulako egiten dugun musika mota hori.

Irune: Badugu ere rap kutsuko abestiren bat, baina reggae-stepa da gehien jorratzen dugun generoa.

Erlantz: Musika nik konposatzen dut, zerotik. Batzuetan Irunek beste oinarri baten gainean osatzen du letra, eta musika berri bat sortzen dugu gero, erritmo edo estilo antzekoa duena.

Irune: Kitarra jotzen dut nik, eta batzuetan akordeak pasatzen dizkiot Erlantzi, horietatik abiatuta egin dezan abestiaren oinarri instrumentala.

Zer nolako harrera izan du zuen proiektuak orain arte?

Erlantz: Ez dugu gure burua asko iragarri, baina harrera ona izan dugula esango nuke. Estudioan ordu asko sartzen ditugu, baina gero ez dugu apenas publizitaterik egiten! (Barreak)

Irune: Baina baditugu kontzertuak lotuta, eta diskoak ere saltzen ari gara. Apurka-apurka aurrera goaz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide