Udal-aurrekontua goiko argazkiko pastela balitz, alboan dagoen zatitxoa izango litzateke eskualdeko udalek euskarara bideratzen duten ehunekoa. Gastuetarako baliatzen duten diruaren %1 eta %3 artean bideratzen dute Aiaraldeko tokiko erakundeek euskara sustatzeko ekintzetara. Hori ikusi daiteke azken hiru urteetako (2015-2017) aurrekontuak aztertuta, baina atera daitezke baita ere beste ondorio interesgarri batzuk.
Hala ere, ezer baino lehen, komenigarria da aipatzea batzuetan zaila dela “euskarara bideratzen den diru kopurua” zenbatekoa den zehaztea. Udal guztiek ez dute euskara arlo berezitu bat eta aurrekontuetan askotan nahasturik azaltzen dira diru-partidak. Gauzak hala, zaila da zifra eta kopuru zehatzak ateratzea, ez baitago irizpide bateraturik.
Euskararekin erlazionatutako hainbat motatako diru-partidak topatu daitezke udal-aurrekontuetan: Euskara sustatzen duten elkarte eta ekimenei ematen zaizkien laguntzak, euskarazko ekintzen antolakuntzara bideratzen den dirua, euskara ikasteko bekak, euskara teknikariaren soldata...
Horrez gain, kontuan hartu behar da zenbait ekintza, euskaraz egite hutsagatik, “euskara sustatzeko ekintza” gisa hartzen direla automatikoki. Euskarazko kultur ekitaldiak Euskara Sailetik antolatzen dira askotan, gaztelerazkoak Kultur Sailetik bideratzen diren bitartean. Gauzak hala, gaztelerak aurrekontuetan duen presentzia (euskarak duena baino askoz handiagoa dena berez) ezkutatuta geratzen da.
Urtez urte handitzen doa udalek euren aurrekontuetatik euskara bideratzen duten diruaren ehunekoa, apurka-apurka bada ere
Aiaraldeaz haragoko joera
Joera hori ez da soilik Aiaraldean ematen, EAE osoan igotzen ari da ehunekoa, apurka-apurka bada ere. Eustaten datuen arabera, 5.000 biztanletik gorako udalerriek euren aurrekontu osoaren %1,92 bideratzen zuten euskara sustatzera 2002an. 2014rako, baina, ehuneko hori puntu eta erdi igo zen, %2,37raino. Arabako Foru Aldundiak ere igo egin du euskara bideratzen duen diruaren ehunekoa, askoz modu apalagoan bada ere. 2002an %0,33 bideratu zuen eta 2014an %0,48.
Eusko Jaurlaritzak, aldiz, beherakada izan du. 2002an %1,57a baliatu zuen euskara sustatzeko ekintzetara eta 2014an %0,95a. Hala ere, proportzioa txikitu egin den arren, diru kopurua igo egin da.
Gauzak hala, datuek ondorio argi bat uzten dute: oraindik bide luzea falta dela egiteko euskarak tokiko erakundeen eguneroko jardunean behar adina presentzia eta pisu izan arte.