Zeintzuk dira ogasunari diru gehien zor dioten aiaraldearrak?

Txabi Alvarado Bañares 2018ko uzt. 4a, 06:00

Iruzur fiskala prebenitzea da zordunen zerrendak argitaratzearen helburua. / Eneko -20minutos.es-

Iragan astean argitaratu zituzten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek hiru lurraldeetako zordun nagusien zerrendak. Aspaldi itxitako Somolsa enpresa urduñarra eta Laudion hiru enpresa dituen Ruben Bravo Gonzalez enpresaria daude zerrendan, besteak beste.

2015. urtean argitaratu zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek zordun nagusien zerrendak lehen aldiz, iruzur fiskala prebenitzea helburu. Orduz geroztik urtero plazaratu dituzte, eta iragan astean argitaratu zituzten aurtengoak. Baldintza bakarra bete behar da zerrendan agertzeko: 2017ko abenduaren 31an ogasunarekin milioi bat euroko zorra izatea gutxienez.

Aurtengo zerrenden arabera, 270 zordunek betetzen dute baldintza hori EAEn. 868 milioi euro zor diete guztira aldundiei. 150 milioiko igoera bat eman da iazko datuekiko. Gipuzkoan atzeman da batez ere igoera hori, José Ramón eta Juan Miguel Osinalde Echaniz anaiak sartu baitira bertako Foru Aldundiko zordunen zerrendan, 50 milioiko zorrarekin bakoitza.

Aiaraldean, bi izen
Aiaraldeari lotutako izen bat topatu daiteke Arabako Foru Aldundiaren zordunen zerrendan: Ruben Bravo Gonzalezena. 1.665.912,27 euroko zorra du Bravok, eta lau enpresa ditu: Iridytrio S.L, Platinorumba S.L, Activos por impuestos diferidos S.L eta Agricola Nini S.L. Lehen hiru enpresek Laudion dute egoitza fiskala, Jose Mardones kaleko etxebizitza batean. Laugarren enpresa, aldiz, Kantabriako Valdeolea herrian dago kokatua. Lau enpresek antzeko jardunak egiten dituzte, higiezinen eta aktiboen salerosketa baita euren helburu soziala.

Bizkaiko Foru Aldundiaren zordunen zerrendan, aldiz, enpresa urduñar bat agertzen da: Somolsa Sociedad de Materiales Orduña, 2.342.365,7 euroko zorrarekin. Etxerako gailu elektronikoak fabrikatzen zituen Somolsak, baina aspaldi itxi zituen ateak; 2004an eten zituen ordainketak. Gauzak hala, urtero agertu da zordunen zerrendan.

Amurrion kokatutako BM&Alessio Investments S.L enpresa ere agertzen zen Arabako Foru Aldundiak 2016 eta 2017 urteetan plazaratutako zerrendetan. 1.195.858,13 euro zor izan zizkion Arabako Foru Aldundiari, argitaratutako azken datuen arabera. Eduardo Alessio Alves da enpresa horren administrari bakarra. 2009an sortu zen sozietatea eta bitartekaritza zerbitzuak eskaintzen ditu finantza aferetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide