Udako kanpaina berezia egingo dute eskualdean, odol-emaileak lortzeko

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abu. 4a, 17:18

Unitate mugikorrarekin bertaratuko dira eskualdeko herrietara. / Aiaraldea.eus

Odola emateko bost zita egongo dira horretarako abuztuan; bi Amurrion eta bana Artziniega, Okondo eta Laudion. 

Udako kapaina berezia jarri du abian Arabako Odol Elkarteak, odol-emaileen kopurua handitzeari begira. Elkarteko kideek adierazi dutenez, opor garaian erdira jaisten da odol donazioen kopurua, odol beharra berdina izaten jarraitzen duen bitartean. “Guretzat, urtero-urtero, abuztua oso hilabete zaila izaten da. Izan ere, egunean Euskadin 400 odol donazio behar dira eta uda partean ez da erraza izaten kopuru horietara iristea”, azaldu dute elkarteko kideek. Nabarmendu dutenez, odolak “oso iraungitze data laburra” du. Plaketek 5 egun irauten dute, globulu gorriek 45 egun eta plasmak 2 urte. Hori dela eta, azpimarratu dute oso garrantzitsua dela opor-garaian ere odol emaileak egotea.

Bost zita eskualdean
Bost aldiz bisitatuko du elkarteak eskualdea, unitate mugikorrarekin. Astelehen honetan -abuztuak 6- Amurrioko Osasun Zentroan egongo dira, 16:30etatik 20:00etara. Ostiralean berriz bisitatuko dute herria, 9:45etatik 13:00etara udaletxearen aurrean. Asteazkenean -abuztuak 8-, aldiz, Artziniegako frontoiaren alboan egongo dira, 17:00etatik 20:00etara. Okondo hilaren 20an bisitatuko dute; 17:00etatik 20:00etara egongo dira osasun zentroaren parean.

Laudion, aldiz, sanrokeak baliatuko dituzte odol-emaileak erakartzeko. Baserritar Egunean -abuztuak 24- egongo dira herrian, 9:45etatik 13:00etara Aldai Plazan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide