Kalean dago Aiaraldea Jaietan aldizkaria. Aurtengo zenbakiak hainbat berrikuntza ditu. Formatu handiagoa eta paper lodiagoa ditu, eta baita orri gehiago ere, 96 guztira.
Aiaraldean abuztuan eta irailean dauden jaien informazio eta egitarau guztiak topatu ahal izango dira agerkarian. Jaietako protagonistei eginiko elkarrizketak, iritzi-zutabeak, festetan ohikoak diren jakien errezetak... makina bat edukiz horniturik dator aurtengo Aiaraldea Jaietan.
Gaur goizean iritsi dira aldizkariaren aleak errotatibatik, eta datozen egunetan banatuko dira doan eskualdeko saltoki, taberna, topagune zein kaleetatik. Lan hori, baina, ez dute hedabideko langileek bakarrik egingo, hainbat boluntario batuko baitira auzolanera.