Udan areagotu egiten dira sortzaileen plazak. Izan ere, inguruko zein urruneko herrietan kultur ekitaldiak ugaritzeko joera dago. Horren adibide dira jaiak. Aurten ere, Aiaraldeko artistek hamaika plaza beteko dituzte.
Eskualdeko emanaldiak
Horietako asko, Aiaraldean bertan izango dira. Ostiralean, esaterako, "Kometa urdina" taldeak joko du Laudioko Zubiko Malekoian. Igor Arzuagak, Egoitz Uriartek eta Alberto zein Nando de la Casak osatzen dute taldea. Emanaldia 20:30ean izango da Keska tabernan.
Sabin Guaresti bakarlariak bihar eskainiko du kontzertua. 21:00etan izango da emanaldia, Amurrioko jaien baitan. Donostiako Jazzaldian ere aritu zen Guaresti.
Hilean Bariku Bat erromeria orozkoarrak ez du udan atseden hartuko. Izan ere, Orozkoko festa gehienetan izan dira aurten ere. Datozen egunetan bi kontzertu emango dituzte: 15ean Orozkoko Ibarra auzoan 21:00etan eta abuztuaren 17an Arrankudiagako jaietan 22:00etan.
Radio Revolucioneko kideak, berriz, udako biran murgilduta dabiltza. Horren adierazle da iraila bitarte duten emanaldi sorta: abuztuaren 17an Laudion egngo dira, 23an Bilbon (Askapeña konpartsan), irailaren 1ean Errekaleorren, irailaren 7an Atarrabian eta 14an Bilboko Azkena aretoan. Gainera, Alemaniako telebistarako dokumental bat grabatu dute. "Sopela eta Arrietako hondartzetan hainbat abesti jo genituen", zehaztu du Lander Otaola Solatxi trikitilariak.
"Abuztuaren bigarren hamabostaldian asko jotzen dugu aste barruan", dio Eriz Perezek. Abuztuaren 15ean The Pushermenekin arituko da Portugaleten eguerdian, eta 19:30ean Versenekin taularatuko da Amurrioko Albizabal tabernan. Placton taldearekin, berriz, Gernikako jaietara bertaratuko da hilaren 17an, 20:00etan. Biharamunean, ordea, Gordexolan dute hitzordua, iluntzean. Horrez gain, bakarlari gisa bertsio emanaldia abiatu berri du, eta Bilbon eskainiko du ikuskizuna. Bilboko Aste Nagusian ere izango da Perez Pushermenekin, abuztuaren 21 iluntzean, Piztiak taldearen Konpartsan. Aiaraldean ere egongo dira, abuztuaren 23an, Laudioko Batzalarrin kalean. Abuztuaren 25ean Gereñan bukatuko dute hamabostaldia, Foronda alboan.
Urduñako Gwa Ya taldeak ere zeharkatu ditu zenbait herri. Horien artean daude Elantxobe edota Hondarribia. Bilbon ere izan ziren uztailean Alde Zaharreko jaiak girotzen.
Artziniegarrak ere ez dira lo geratu. Bertako taldea da Barau, eta eskualdean zein inguruan luze jo dute asteotan: Aiaran, Barakaldon, Aretako jaietan, Amurriokoetan... Enkarterriko txoko ugari ere jarri dituzte saltoka; Balmaseda kasu.
Musika jartzaileen kasuan, askoz gehiago izaten dira festa garaiko zitak. Eskualdean lan horri heltzen dion jende ugari dago: Diskodantza, Dantzetan jarrai, Dj Markelin, Pottors Destroyers... Aiaraldeko Soinu Sistemako kideak ere hainbat emanaldi eskainiko dituzte. Amurrioko txosnagunean egongo dira gaur, Glaukomaren kontzertuaren ostean. Opor garaia izanagatik, beraz, lanik ez zaie falta musika alorreko Aiaraldeko artistei.