2019an izango da Arabako bertsolari txapelketa. Alabaina, kanporaketak urrian jokatuko dira. Hartara, finalerdiekin abiatuko da urte hasieran lehia. Aiaraldetik sei bertsolari aurkeztu dira guztira: Serapio Lopez baranbioarra, Asier Rubio luiaondoarra, Izar Mendiguren laudioarra eta Ainhoa Comas, Unai Mendibil zein Iñaki Cabeza amurrioarrak.
Lopez finalera iritsi zen azkeneko edizioan. Rubiok zein Mendigurenek finalaurrekoetan aritzeko txartela eskuratu zuten, baina ez ziren sei onenen artean sartu.
Kanporaketak
Mendiguren izango da aurrena kantuan, urriaren 20an. Andere Arriolabengoa, Unai Anda, Manu Bendala, Unai Gomez eta Aitor Ugarte izango ditu bertsokide. Biharamunean -urriaren 21ean- Asier Rubioren txanda izango da; Irati Anda, Unai Bengoetxea, Mikel Martin eta Markel Yollerrekin batera.
Mendibilek eta Cabezak elkarrekin izango dute saioa, urriaren 26an hain zuzen. Rikardo Gonzalez de Durana, Jon Ruiz de Pinedo, Xabier Antia eta Xabi Igoa izango dituzte aurkari. Comasek, aldiz, urriaren 27an izango du zita; Peru Abarrategi, Jagoba Apaolaza, Oier Arbina, Aitor Najera eta Iñaki Viñasprerekin. Azken kanporaketa arte itxaron beharko du Serapio Lopezek, urriaren 28 arte, hain zuzen. Felipe Zelaieta, Martin Abarrategi, Aroa Arrizubieta, Beñat Garaio eta Xabi Ricorekin osatuko du saioa baranbioarrak.
Arabako Bertsozale Elkarteak adiearzi duenez, saioak aurreko txapelketako sailkapenaren arabera antolatu dituzte, "aurkeztu edo sailkatu ez zirenak hurrenkera alfabetikoan erantsita".
Kanporaketetan sei lagunek abestuko dute, eta lehenbizikoak soilik eskuratuko dute finalerdietan aritzeko txartela. "Xabi Igoak, Iñaki Viñasprek eta Serapio Lopezek kanporaketak osatzeko biano ez dute kantatuko; fianlista izatearren zuzenean sailkatuak baitaude".