aiaraldea.eus

[IRITZIA] Nor da piztia? Erasoak ez badituzu ikusi, ez daude?

Erabiltzailearen aurpegia Erredakzioa   Jendartea  Aiaraldea

Festetan indarkeria matxista nola antzeman? Ixone Collado Urkijok (Mugimendu Feministako kidea) eta Eneko Gastakak (Soziologoa eta politologoa) heldu diote gaiari, iritzi zutabe bidez.

[IRITZIA] Nor da piztia? Erasoak ez badituzu ikusi, ez daude?
Orozkoko eraso matxista salatzeko mobilizazioa. / Aiaraldea | Ikusi handiago | Argazki originala

Ixone Collado Urkijo: "Nor da piztia?"

Mendia edo hondartza. Hegazkina edo itsasontzia. Jaia edo lasaitasuna. Garagardoa edo freskagarria. Bakea; edo ez. Udari agur esatear gaude, baina lasaitasunezko eta gozamenezko denboraldi honetan, badaude oporrik hartzen ez dutenak ere.

Emakume bat erail dute Uharten. Bortxaketa Donostian. Sexu eraso salaketak Gasteizen eta protokolo aktibazioak Bilbon. Dozenaka titular Euskal Herriko jai giroen inguruan. Hortaz, jaigune, oholtza eta plazak aldarrikapenerako bozgorailu lez erabiltzen ditugu, noizbait entzungo gaituzuelakoan gaudelako.
Haragi puska naizela edertasunaren mesedetan? Mundua, gurea ere bada. Gure gorputzak, nahiak eta eskubideak zapaltzen dutenak dira pizti bakarrak. Ukatzen zaiguna irabaztera gatoz, kaleak eta gauak, gureak ere badirelako.

Pertsona zuriek beltzei ez diegu ezer asko oparitu historian zehar. Are gutxiago, nagusiak langileari. Estatu eta botereek, herriak eta komunitateak zapaltzen jarraitzen dute, euren erabakitzeko eta izateko eskubideak urratuz eta zapalduz. Erasotuak garen bitartean, erantzuteko eta autodefendatzeko deia egingo dugu, beltza dena more bihurtzeko. Ez garelako hiltzen, hiltzen jarraitzen gaituztelako.

 

Eneko Gastaka: "Ez badituzu ikusi, ez daude?"

Tsss… PUM! Hasi dira 2018ko Laudioko Jaiak, gaseosa artean eta eguzkipean. Eta horrekin batera, heldu dira kalejira, kontzertu eta jolasak. Baina, modu berean, martxan da eraso matxistak “erraztu” eta askotan ikusezin bihurtzen dituen giroa ere.

Akatsa litzateke esatea eraso horiek jaien testuinguruan bakarrik ematen direla, baina San Ferminetako azken kasu mediatikoak argi uzten du bereziki adi egoteko momentua dela. Laudion ere badaukagu gure “manada”. Kartel eta margoketa feministei buruzko komentarioekin hasita, kale horietan bertan ematen diren eraso zuzenetara arte.

Gehienetan jarrera horiek ikusezin egiten zaizkigu, normaltzat hartu eta mespretxatzen dira. Erasotzaileak, bere burua salatua ikustean; ustezko errugabetasuna eta zintzotasuna aldarrikatu eta babesten tematu ohi da. Maskulinitate matxistaren erantzun tipikoa. Aurrez aurre izan ditugu aurtengo jaietan ere, ez behin, ez birritan. Sare sozialetan, itxuraz umoretsua den eta praktikan eraso matxistak justifikatu eta borroka feminista gutxiesten duen komentarioan, eta zuzenean, haren pribilegioen bidez emakumeak objektutzat hartuz “ligatzen” saiatzen den gizonean. Nire pribilegioetan. Ez alkohola, ez drogak, ez gona laburrak, ezta ustezko gonbiteak ere; ez dago aitzakiarik eraso matxista baten aurrean, ez jaietan ezta gainontzeko urteko egunetan ere.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa