Pinuen onddoaren izurritea: hondamendi ekonomikoa eta ekologikoa ate-joka

Aitor Aspuru Saez 2018ko ira. 20a, 23:14

Pinuak gorri edo marroi geratzen dira onddoaren eraginez. / Aiaraldea.eus

Lecanosticta acicola onddoak eragindako izurritearen agerpena nabarmena da jadanik eskualdeko hainbat tokitan. Onddoak, dena den, ez du soilik zenbait jaberen etekinak kolokan jarri, baso industrian, ekonomian -30.000 lanpostu sortzen ditu EAEn- eta ingurumenean ere arazo larriak sor ditzake eta.

Orozkoko pinudien jabeen artean urduritasuna bistakoa da egun hauetan, Lecanosticta acicola onddoaren eragina zabaldu baita hainbat lursailetik. Oraindik agerpenaren zabalera zehaztea zaila bada ere, udalak berretsi du Gallartun, Olaguenagan eta Bikotxganen bereziki ikus daitezkeela zuhaitz marroiak. Hala ere, Laudioko bidean ere ez da zaila osto marroiak eta gorriak topatzea.

Horrez gain, eskualdeko baso ingeniari batek azaldu du Arabako Foru Aldundiak komunikatu zuela atzo onddoa agertu dela eskualde osoan, Luiaondon eta Laudion, besteak beste.

Anonimotasunean egon nahi duen jabe batek argitu du ondoeza handia dela pinudiak dituzten lagunen artean: "Pinua mozteko 30 urte bete behar dituzte zuhaitzek, eta 15 urte izan arte ezinezkoa da sortzen dituzten gastuak kitatzea adarren eta garbiketen egurraren salmentarekin. Egun, ez dakigu zer gertatuko den, guztiak moztu behar baditugu hondamendi ekonomikoa izango da".

Berez, Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du 1.400.000 euro bideratuko dituela 25 urte bete ez dituzten pinuen jabeak diruz laguntzeko. Hala ere, basoa pinu insignis espeziearekin ustiatzen dutenek ez dakite hori zertan islatuko den. Orozkoko Udala aldundiarekin jarri da harremanetan, baina ez du lortu hedabidetan agertu dena baino informazio gehiago.

Tratamendua
Egun hauetan Arkauteko Nekazaritza Institutuan Arabako baso ingeniariak trebatzen ari dira ezagutzeko Zeelanda Berrian pinuak zaintzeko arrakastaz baliatzen den tratamendua. Hala ere, horietako batek esan du, momentuz, antza, ez dagoela baimenduta horren erabilera.

Saiatzen ari diren beste teknika da onddoari aurre egin dioten pinu aleak hautatzea eta sustatzea.

Ekonomiaren motorra: 30.000 lanpostu
Eskualdeko zein EAEko lurralde osoan zabaldurik, pinudiek industria sortu dute; egurra sortzeko eta eraldatzeko zerrategiak, lursailen garbiketak gauzatzeko, garraiatzeko, papera eta altzariak ekoizteko... eta zuhaitzen jabeei ez ezik, jende gehiagori ere ematen diete lana.

Modu anonimoan mintzatzen den baso ingeniariak uste du jendeak ez duela sumatzen sortu daitekeen hondamendi ekonomikoa: “Sektorean 30.000 lagun inguruk lan egiten dute EAEn. Arabako mahastiak edo ardi latxak antzeko egoeran egongo balira, alarma soziala eta bitartekoak askoz handiagoak izango lirateke. Lantegi handi batek -Tubos Reunidosek edo Tubacexek, esaterako- itxiko balu, gauza bera. Baina kasu honetan ez da aparteko ezer gertatzen, eta jende askok lan egiten dugu pinuari esker.”

Horrez gain, diru sarrera handiak ekartzen die udalei jarduera ekonomiko horrek. Esaterako, Orozkoko Udalak 2012. urtetik gaurdaino 670.000 euro eskuratu ditu baso publikoen bitartez. Okondoko Udalak, adibidez, aurten 81.796 euro jaso ditu basoak ustiatuta. Zerbitzu publikoak ordaintzeko bideratzen da diru hori, besteak beste.

Konponbidearen zain
Irailaren 14an Bizkaiko pinuen %25ean agertu zen onddoa eta, momentuz, erakunde publikoek ez dute modurik asmatu izurritea ekiditeko. Hori dela medio, jabeek ez dakite zuhaitzak moztu beharko diren edo negura arte itxarongo duten. Aipatutako jabeak azaldu du: "Adituek diote onddoa inoiz baino modu erasokorragoan jo duela neguko izotzaldiek ez dutelako gelditu. Agian negu gorria izango bagenu, arazoa konpontzeko aukera izango genukeen". Edonola ere, ezjakintasuna eta beldurra da nagusi.

Aiaraldeko baso ingeniariak uste du arriskua mantenduko dela, negua gogorra izan arren: “Udan berriro agertuko da onddoa”.

Pinua eta dirua: urre berdea agortzear
Azaldutako guztiak kolokan jartzen du ez bakarrik zenbait jaberen etekinak edo industria, baizik eta baso eredua bera, azken 100 urteetan ulertu den moduan behintzat. Izan ere, baserritar askok bideratu dituzte euren lursailak pinuak landatzera, 30 urteren ostean moztu eta saltzeko.

Hori bi aurpegiko txanpona izan da. Alde batetik, basoek balioa mantendu dute ekonomikoki, mozkinak sortu dituzte eta, ondorioz, jabeek saiakerak egin dituzte mendiak garbi egoteko. Bestetik, bioaniztasuna asko murriztu da, paisaia gehienak ia pinudiak bilakatu arte.

“Jende ugarik gorroto du pinua, baina arazoa monolaborantza izan da. Pinuek ere bere tokia izan behar dute, tokiko espezieek bezala. Herritarrek ulertu behar dute pinuek eragin ona ere izan dutela. Jabeek zaintzen dituzte euren lurrak, dirua ematen dutelako. Bestela, ez lukete esfortzua egingo. Abereak jarriko lituzkete, bioaniztasunaren kaltean, edo guztiz ahaztu eta abandonutako lituzkete", adierazi du tokiko ingeniariak.

Eukaliptoa
Halaber, Bizkaiko Basozainen Elkarteak kritika zorrotza plazaratu du aste honetan. Bere ustez, jabe askoren asmoa da eukaliptoa erabiltzea pinua ordezkatzeko.

Elkarteak uste du monolaborantzan sakontzen duen edozein eredu arriskutsua izango dela, eta bereziki eukaliptoan oinarrituta badago: “Tokiko basoa egokia da gure landaredia eta fauna hartzeko, eta pinudiek, neurri batean, gauza bera egin dezakete behin-behinean (espezie ahulenak eta mehatxatuenak barne), baina eukaliptoek ez. Eukaliptoak bioaniztasunaren txirotasuna dakar. Zientzialari gehienen iritzia da hori”.

Suteak
Eukaliptoen arrisku gehigarria da suteena. Papera egiteko erabiltzen da, besteak beste, bere egurra, eta erraz erretzen da. Bizkaiko Basozainen elkartearen ustetan, pinua eukaliptoekin ordezkatuko balitz, iaz Galizian jazotakoa errepika daiteke hemen. Berez, 2017ko urrian sute erraldoiak gertatu ziren Galizian eta Vigo hirira heldu zen sua, hainbat hektarea kiskali eta milaka animali hil ostean.

Edonola ere, eskualdeko ingeniariak gogoratu du sute garrantzitsuenak Europan ematen direla, baso ahaztuetan, inork zaintzen ez dituen horietan, hain zuzen. Hori ekiditeko, baso eredu berria ezartzea beharrezkoa da, bere aburuz.

Baso eredu berria
Baso ustiaketa eredu berria garatzeko ardura, gehienbat, erakundeen esku dago, aldundienetan bereziki. Bizkaiko Basozainen Elkarteak proposatu du berehala abiatzea eztabaida hori eta tokiko espezieen alde egitea. Aldi berean, uste dute landaketak dibertsifikatzea dela onena, berritzeko, kontserbatzeko edo ekoizteko, edo hiru gauzak egiteko.

Aiaraldeko baso ingeniariak gogoratu du zaila izango dela tokiko ereduarekin asmatzea, eta ingurumena bermatzeko, etekinak eskaini behar zaizkiela jabeei: “Horrela ez bada, jendeak ez du hartuko ardura mendiak eta basoak zaintzeko, eta hori arazo larria izan daiteke. Horregatik uste dut espezie askok tokia izan behar dutela, baita eukaliptoak ere, baina neurri egokian, ez monolaborantzan”.

Zentzu berean mintzatu da eskualdeko lursailen jabeetako bat: “Guk toki batean haritzak jarri ditugu. Kontuan hartu beharra dago tokiko espeziea izanik, aldundiek oso arau zorrotzak jartzen dituztela. Egia da diru-laguntza handiagoa dela. Esaterako, pinuak landatzeko aldundiak ematen ditu aleen, garbiketen eta itxituren balio erdia. Haritzen kasuetan landarearen erosketa eta itxitura %90ean laguntzen du diruz erakundeak. Hori bai, haritza mozteko 120 urte behar dira. Nik ez dut hori ikusiko, ezta nire seme-alabek. Etekinik ez du emango eta, lan handia bai ordea. Nik hilero mantenu lanak egiten ditut musu-truk, baina ez da lursail handia. Baserritarrei eskatuko zaie hainbat hektarea zaintzea ezer eskuratu gabe? Ez dut uste hori jasangarria denik”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide