18 urte beteko dute Ondarearen Europako Jardunaldiek eta aurtengo ediziorako egokitzat jo dute emakumeen ekarpenari zein historiari erreparatzea. Horrela, Orozkoko eta Urduñako udalerriek emakumezkoak erdigunean jartzeari ekin diote.
Urrian izango dira ekintzak eta hilaren 6an abiatuko dituzte. Horretarako Orozko Museoan elkartuko dira interesdunak Juanjo Hidalgo Aunia elkarteko kidearekin 10:00etan. Hidalgok hitzaldia eskainiko du euskaraz eta gazteleraz izango dira.
Urriaren 13an Urduñan egingo den hitzaldia, ordea, gazteleraz izango da. 11:30ean eta 14:00etan Florencio Arza Aldaik Lucia de Ripak 1547. urtean bizitako esperientziak deskribatuko ditu. Urduñako Turismo Bulegoan egingo dituzte bi hitzorduak.
Leku eta egun berean Adratan Kultur Elkarteak Urduñan inauguratuko du erakusketa XX. mendeko emakumeei buruz. Urriaren 21ean bukatuko da epea bilduma ikusteko.
Urriaren 20an eta 21ean Urduñako Turismo Bulegoak hartuko ditu hitzaldiak 11:30ean eta 14:00ean. Nere Jon Intxaustegi historialaria eta Garbiñe Erdocia fededuna mintzatuko dira 1883. urtean ireki zen Mariaren Konpainiaren Ikastetxeari buruz.
Horrez gain, Maria Barbero motor gidariak hitzaldia emango du urriaren 18an, ostegunean, "¿Y tú qué hiciste? ¿Qué rompiste?" izango da izenburua. 19:00etan hasiko da.
Orozkora berriro
Jardunaldiak urriaren 21ean itzuliko dira Orozkora. Egun horretan Orozkoko Museoan garrafak eta emakumeek zer nolako harremana izan duten argituko du Felix Mugurutza Aunia Elkarteko kideak. Izan ere, horri lotutako negozioa emakume batzuk abiatu zuten eta asmatzailea, berez, emakumezkoa izan zen. 09:30ean hasiko da saioa eta 13:30ean amaituko dute Orozkoko Museoan.
Azkenik, urriaren 27an Manuela Uribarriren kasua jorratuko dute, 18:00etatik 21:00ak arte. Okeluriko neskamea haurdun geratu zen 1787an eta aitak ez zuen semea aitortu. Garai horretako ohiturei eta emakumeek sufritzen zuten zapalkuntzei buruz arituko da Mugurutza Orozkoko Museoan.
Izen ematea
Jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa da izena aurretik ematea. Orozko Museoaren kasuan 946 339 823 telefono zenbakian edota museoa.orozko@bizkaia.org helbidean, eta Urduñako Turismo Bulegoan 945 384 384 telefono zenbakia edo turismo@urduna.com posta elektronikoa baliatuta.