“Antzekotasunak sumatu daitezke hemengo eta Mexikoko egoera politikoen artean”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ira. 26a, 15:50

Egun Aiaraldean bizi da Jorge Castilla. / Aiaraldea.eus

JORGE CASTILLA (Mexiko, 1982) duela lau urte etorri zen Mexikotik Euskal Herrira. Egun Amurrion bizi da. Gaur -irailak 26- lau urte betetzen dira Mexikon 43 ikasle desagertu zirenetik. Gai horri buruzko hitzaldia eskainiko du Castillak gaur arratsaldean, 19:00etan Laudioko Orbeko Etxean.

Mexikon desagertutako ikasleen inguruko hitzaldia eskainiko duzu gaur. Zerk bultzatu zaitu horretara?

Lau urte igaro dira Mexikoko 43 ikasleak desagertu zirenetik. Gaur egun desagertuak jarraitzen dute eta gobernua ikerketak oztopatzera eta informazio faltsuak zabaltzera mugatu da, muntaia atondu eta bere egia inposatzeko. Ikasleen gurasoak erosten saiatu dira, dirua edo karguak eskainita. Baina hauek jende xumea dira, duintasun handia dute eta prest daude borrokatzen jarraitzeko. Familia horien ausardiak gaian sentsibilizatzera garamatza.

Helburua ez da biktimizatzea, guraso horien ausardian eta indarrean eredua ikustea baizik. Estatu terrorismo hori urrun ikusten da hemendik. Hainbat aukera daude bertako borroka laguntzeko.

Hori da gaurko hitzaldiarekin egiten saiatuko garena, baina ez gara ikasleen kasua kontatzera mugatuko, Mexiko osoan dagoen egoera politikoaz ere arituko gara.

Ekintza globala izango da gaurkoa, 20-30 hiritan ari dira horrelako ekimenak gauzatzen, kriminal ofizial eta ez-ofizialen zigorgabetasuna salatzeko.

Ikasle antolatuak dira Mexikokoak, eta politika neoliberalen aurkako erresistentziaren ikur bihurtu dira. 43 ikasle bahitu zituzten, beste sei erail eta beste hainbat zauritu zituzten. Kasuak zeresan handia ekarri du, ikasleak eurak antolatu direlako gaiari ahotsa emateko.

Mexikon 20.000 desagertu baino gehiago daude, izenik eta jarraipenik ez dutenak. Biolentziaren normalizazioa bizi dugu, armada kalean baitago. Polizia beti izan da ustela eta politikariek hauteskunde garaian promesak egiteko baino ez dute balio, unea iristen denean pastela banatzera mugatzen baitira, ahal duten guztia eramateko.


“Hildako kopurua izugarri handitu da Mexikon; Siria, Irak edo Libiako inbasio inperialistekin alderatzeko moduan”


Zer nolako egoera bizi da gaur egun Mexikon?

2006. urtean hasi zen armada kalera ateratzen, narkotrafikoaren aurkako borroka dela eta. Orduz geroztik, hildako kopurua izugarri handitu da, Siria, Irak edo Libiako inbasio inperialistekin alderatzeko moduan.

Estatua bere herriaren aurka egiten ari den gerra da. Narkotrafikoaren aurkako gerra egiteak ez du zentzurik, drogak mugitzen jarraitzen duelako. Mexiko tenplu bat bihurtu da, zeinetatik droga igarotzen den eta zeinetan barne guda dagoen. Modu horretan lortzen den gauza bakarra da arma ekoizleentzako negozio aberatsa sortzea. Politikoki hitz eginda, sekulako kontrol falta dago eta jendeak beldur asko dauka.

Hego Amerika osoan gertatzen ari dira matxinadak, jendea konturatzen ari delako demokrazia iruzurra dela eta aberatsen interesak soilik defendatzeko balio duela. Herriak aski dela esaten duenean errepresioa dago, eta errepresioa dagoenean guda zibil moduko bat hasten da.

Honduraseko kasua da horren adibide, izugarria da. Berta Caceresen erailketaz geroztik gora egin dute biolentziak eta errepresioak. Kasu horretan multinazionalen beso armatuaren funtzioa bete du estatuak, enpresa horiek herrialdeko baliabide eta aberastasunak ustiatu ditzaten.

Gaurkoa ez da Mexikoko ikasleen alde Aiaraldean antolatzen duzuen lehenbiziko ekimena.

Apirilean beste ekimen bat egin genuen, ikasleak desagertu zirenetik 43 hilabete igaro zirenean. Mundu osoan egin ziren ekintzak kasua aditzera emateko helburuarekin. Hitzaldi bat eskaini genuen Orbekon eta elkarretaratzea egin genuen Laudioko Herriko plazan.

Zaila da horrelako ekimenak egitea, munduaren beste aldean gaudelako, eta asko mugatzen gaitu bi herrialdeen artean dagoen amildegi kulturalak. Zaila da horren urrun dauden kasuei elkartasuna adieraztea hemen ere arazoak daudenean.

Orain gaian interesa izan dezakeen jendearekin biltzeari ekingo diogu, gertatu zenaz hitz egin, estatu terrorismoa salatu, gerra arbuiatu eta, batez ere,  sistema neoliberal honi ezetz esateko. Hala ere, ez da egoera aztertu eta kexatzeko unea. Badakigu zein den egoera, zer egingo dugun zehaztu behar dugu orain.


“Zapatistek, adibidez, egungo egoeraren askoz irakurketa zabalagoa egiten dute. Eurek argi dute erabaki handiak ez daudela estatuen esku, estatuen gainetik dauden enpresa transnazionalen esku baizik”



Ezberdintasun asko ikusten dituzu hemengo eta Mexikoko egoera politikoen artean?

Hemengo egoera ez da horren ezberdina, formetan ezberdintzen da, batez ere. Euskal Herrian ere errepresio handia sumatu daiteke. Julen Ibarrolaren kasua da horren adibide. Astakeria bat da kartzelara joatea errotulki batekin margotzeagatik. Horrelako zigor eredugarriak baliatzen dira gobernuaren interesen aurka doazen mobilizazioak geldiarazteko.

Mexikoko egoera oso muturrekoa da, baina bertan gertatzen ari dena hemen gertatzen ari denaren antzekoa dela esan daiteke.

Eskumak hainbat politika nazkagarri burutzen ditu eta ezkerra “salbatzaile” moduan aurkezten da, baina ez da benetako ezkerra, eskumaren beste forma bat baizik, beste kolore edo abizen bat duena. Baliteke hizkera moderatuagoa izatea edo erraztasun gehiago eskaintzea, baina ez da eraldaketarako benetako aukerarik sumatzen.

Kontrara, badirudi kaltegarriagoa izan daitekeela ustezko “ezker aurrerakoiak” irabazi izana, goikoen zerbitzura dagoelako, behekoen banderarekin etorri arren.

Zapatistek, adibidez, egungo egoeraren askoz irakurketa zabalagoa egiten dute. Eurek argi dute erabaki handiak ez daudela estatuen esku, estatuen gainetik dauden enpresa transnazionalen esku baizik.

Mexikoren etorkizuna oso konplexua da, eta oso zaila da hemendik horren gaineko balorazioak egitea. Jendeak itxaropena du, baina oinetan ere maskurrak ditu: nekatuak daude horrenbeste promesa eta traizioz.

Aipatzekoa da Indigenen Kongresu Nazionala garatzen ari den ekimena. Gobernurako kontseilu indigena proposatu zuten, baina ez zieten utzi aurrera ateratzen. Hala ere, horrek antolakuntza eta hurbilketa prozesu oso interesgarri bati eman dio paso.

Mexikoko zein aldekoa zara zu?

Ni Mexiko DFkoa naiz. Nire aita Guerrero zonaldekoa da eta nire ama, aldiz, Sonorakoa. Lau urte daramatzat Euskal Herrian, Amurrion bizi naiz.

Nolatan iritsi zinen hona?

Kontu pertsonalengatik etorri nintzen eta Mexikora itzultzeko hegazkina galdu nuen. Orduz geroztik hemen egon naiz, hainbat proiektu garatzeko aukera ikusi dudalako.

Ezberdintasun handiak daude Mexikoko zonaldeen artean?

Ezberdintausn gehienak formalak iruditzen zaizkit, denak gaude zapalduak. Esplotazioak, aberatsen mespretxua, lurren desjabetzea, hirietako gentrifikazioa... komunak dira zonalde guztietan. Ezberdinak izan daitezke horiei aurre egiteko abiatutako prozesuak, baina etsaia bera da toki guztietan.


“Mexiko bera muga erraldoia bihurtzen ari da”


Mexiko azken hilabeteetan hedabideetan agertu bada, Trumpen etorkinen aurkako politikengatik izan da, batez ere. Nola bizi dira politika horiek Mexikon?

Mexiko da etorkin gehien “esportatzen” dituen herrialdeetako bat. Milioika mexikar daude Estatu Batuetan lanean, bertako ekonomia aberatsagoa eta indartsuagoa egiten.

Baina Mexiko bera muga erraldoia bihurtzen ari da. Herrialde osoa da muga, ez iparraldean dagoen hesia. Mexiko barruan sikario eta narkotrafikante taldeek Hego Amerikatik -Estatu Batuetara iristeko- datorren jendea bahitu, bortxatu eta erailtzen dute.

Gauzak hala, mexikarrok badugu ardura bat gure buruekiko. Ezin dugu mugaren alde batean tratu ona eskatu mugaren beste aldean horrelakoak egiten baditugu. Ezin dugu beste alde batera begiratu. Biolentziaren jatorria ikusten badugu konturatuko gara ez dagoela herriarengan.

Hala ere, Mexikon badaude antolakunde ugari hegoaldetik datozen etorkiznei laguntzen ahalegintzen direnak. Uste dut Trumpek garatu duen politikak ez duela jatorria berak mexikarrekiko duen mespretxu pertsonalean. Merkatu-politika bat delakoan nago, benetan arazoak ez diren hainbat gauza arazo bihurtzea helburu duena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide