ADR Zabaia landa eremuko garapenerako elkarteak jakinarazi du eskualdeko hainbat erakunde eta jabe arabarrek lortu dutela 1.579.018,33 euro erakartzea Leader eta Erein diru-laguntzen deialdien bidez.
Kopurua bideratuta dago landa eremuko ekonomia sustatzera, garatzera eta dibertsifikatzera. Aiarako, Okondoko, eta Artziniegako Udalek eta Administrazio Batzar amurrioarrek eta aiararrek eskuratu zuten finantzazioa funtsezko azpiegiturak eraikitzeko, argiteria publikoa eta mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko. Guztira, aurten amaitu behar diren 13 egitasmo.
Laguntza ekonomikoak
Bestalde, 7 enpresa berrik babes ekonomikoa erdietsi dute eta beste 13 enpresek makineria erosteko, azpiegiturak sortzeko edota jarduera modernizatzeko dirua eskuratu zuten.
Horrez gain, 3 lagunen kontratazioa sustatzeko dirua eman zuen Leader deialdiak. Landa eremuan jendea errotzea baloratzen dutenez, etxebizitzak berriztatzeko bitarteko ekonomikoak ere esleitu dituzte.
Erein diru-laguntzak
Erein deialdiak, aldiz, bestelako esparruan eragiten du. Hori dela eta, 13.209,22 euro izango ditu Baranbiok erabilera anitzeko aretoko irisgarritasuna hobetzeko.
Tertangak eta Delikak 5.102,82 eta 3.494,85 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren, argiteria publikoa egokitzeko. Lezamako Administrazio Batzarrak, aldiz, 3.738,53 euro izango ditu ur-zuloaren iragazkia konpontzeko.
Azkenik, Laudioko Ermu Andra Mariko apaiz etxea zaharberritzeko 125.909,08 euro emango dizkio Ereinek udalari.