Uda amaitu berri den arren, aurrera darrai eskualdeko herrietako jaien maratoiak. Atzo hasi ziren Menagarai eta Beotegiko jaiak, baina larunbata izango da egun nagusia. Datorren asteburuan izango dira baita ere Orozkoko Beraza auzoko jaiak. Egitarau oparoa prestatu dute jai batzordeko kideek. Txerri Swing taldeak joko du ostiralean, eta Hilean Bariku Bat eta Joselu Anayak, aldiz, larunbatean. Herri bazkaria, mus txapelketa, umeentzako tailerrak eta paella lehiaketa ere egongo dira, besteak beste.
Opellora, Lekamaña, Bañueta...
Larunbat honetan ospatuko dira baita Opellorako jaiak ere. Meza, luntxa eta trikiti emanaldia egongo dira herrian. Askoz oparoagoa izango da Bañuetako Jaien egitaraua: mitologia irteera, duatloia, Ibizan oinarritutako jai tematikoa eta beste hainbat ekintza egongo dira larunbatean. Larunbat eta igandean izango dira baita Lekamañako jaiak ere. Haurrentzako jolas eta tailerrak, odolki jana eta tortilla txapelketa egongo dira, besteak beste.
Urriaren 5etik 7ra, aldiz, Okondoko Irabien auzoko festak ospatuko dituzte.