ELA, LAB, STEiLAS, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako grebak jarraipen ezberdina izan du Aiaraldeko Kristau Eskolako ikastetxeetan. Gaur abiatu dute mobilizazioa,bihar mantentzeko asmoarekin.
Amurrioko Virgen Niñako langileen ia herena mobilizaziora batu bada ere, gainerako zentro kristauetan eragin oso urria izan du grebak. Berez, Laudioko La Milagrosako zuzendaritzak adierazi du inork ez duela lanuzterik egin.Urduñako Antzinako Andra Marin, ordea, irakasle bakarrak utzi dio lanera joateari.
EAEn, aldiz, protestak oihartzun gehiago izan du: batazbeste. irakasleen %65ak bat egin du protestarekin sindikatuen arabera.
Aldarrikapenak
Sindikatuen helburua da lan hitzarmen berria sinatzea. Langileen ordezkariek argudiatu dute duela 10 urte adostu zela aurrekoa. eta urte horietan erosteko ahalmenaren %10 galdu dutela. Kristau Eskolako zuzendaritzari egotzi diote negoziaziorako borondaterik ez izatea.
Gaur zabaldu du ELAk balorazioa: "Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugaldu egin dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea".
Salatu dutenez, jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. "Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; DBH1 eta DBH2ko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea".