"Ume asko daude Arabako Foru Aldundiko egoitzetan bizitzen, harrera familia gehiago behar ditugu haurrak laguntzeko"

Aitor Aspuru Saez 2018ko urr. 23a, 07:02

Harrera programaren egoitzan egindako argazkia. / AFA

MAITE ZABALA Arabako Familia Harrerako Laguntza Programako arduraduna da. Hitzaldia eskainiko dute Laudion urriaren 29an Kultura Etxean 17:30ean azaltzeko zertan datzan harrera familia izatea. Izan ere, ume gehiagori babesa eskaintzeko laguntza behar dute.

Zertan datza Arabako Familia Harrera Babes Programa?

Gure programak sostengua ematen die harrera familiei. Horretarako, besteak beste, hitzaldiak egiten ditugu, Laudioko Kultura Etxean urriaren 29an egingo dena bezalakoa. Gizarteak jakin dezan zer den familia harrera izatea, oraindik ez baita oso ezaguna familia eredu hori.

Berez, zer ezaugarri du familia harrerak?

Umeen ezaugarriei dagokienez, euren beharrak oso ezberdinak dira. Oro har, familia harrera topatu baino lehen, egoitza batean bizi dira hezitzaileek zainduta. Guk familia harrerak lortu nahi ditugu bizitza naturalagoa izan dezaten. Onuragarria da eurentzat.

Adinaren aldetik, haur jaioberriak daude eta 18 urte bete artekoak egon daitezke. Ezaugarri batzuk oso antzekoak dira guztietan; oso egoera zailak eta larriak bizi izan dituzte jatorrizko familian eta ondorioak sumatzen zaizkie alde afektiboan. Behar horiek ase behar dira.

Horregatik esaten dugu oso bestelako familiak behar ditugula, ez soilik “tradizionalak”. Berez, 25 urtetik gorako edozein pertsona helduk eskaini dezake bere etxea harrera familia izateko eta ume bat zaintzeko.

Hortaz diru sarrerak edo ezkonduta egotea ez da ezinbestekoa harrera programan parte hartzeko?

Ez, legea oso malgua da zentzu horretan. Gure programan, hitzaldiak ez ezik, balorazioak ere eskaintzen dizkiegu familiei, jakiteko gai diren haurrei beharrezkoa duten estruktura emateko. Aintzat hartu behar da umeek bizitza oso kaotikoak izan dituztela. Egonkortasuna, errespetua eta maitasuna behar dituzte.

Hau ez da adopzioa. Harrera familiek umeak lagundu behar dituzte jakin dezaten zergatik ez dauden senide biologikoekin, nahiz eta harremana izango duten beti familia horrekin.
Berez, Foru Aldundiak beti izango du legezko tutoretza, baina harrera familiak zainduko du egunerokotasunean. Errutina horretan aukera izango dute umeek ama, aita edo anai-arreba biologikoen bisitak jasotzeko.

 

"Hau ez da adopzioa. Harrera familiek umeak lagundu behar dituzte jakin dezaten zergatik ez dauden senide biologikoekin, nahiz eta harremana izango duten beti familia horrekin"

 

Hortaz, harrera familiak malgutasuna izan beharko du egoera hori integratzeko modu koherentean. Batzuetan ez da erraza izango, baina haurrak hazten direnean ikusten da eboluzioa eta garapena. Umeak gai dira ulertzeko bere familia biologikoa agian ez dela kapaz bera zaintzeko, baina bai harremana mantentzeko.

Hori nola kudeatzen da?

Arabako Foru Aldundiak egiten du, oso modu malguan, umearen beharren arabera. Aldundia prozesu guztian dago; ezagutzen direnetik amaierara arte. Profesionalak daude bisitatzeko, jarraipena egiteko, laguntzeko...

Eboluzioaren arabera baloratzen dugu zer harreman izan behar duten familia biologikoarekin. Ez dago zehaztuta; batzuek astero egon behar dute harremanetan, bi astero, ordubeteko bisitak izan daitezke, bi ordukoak, gainbegiratuak... Haurren beharrek baldintzatzen dute hori guztia. Aldundiak babes gehiago ematen ditu: ekonomikoa, logopedia, psikomotrizitatea, psikoterapia...

Zein da prozedura familia harrera izateko?

Lehenengo pausua informatzea da. Hilero hitzaldiak ematen ditugu Gasteizko bulegoan. Gero, agiria sinatuta, eskatu dezakete balorazioa. Behin hori eginda, ikusten dugu zein familia mota den. Horiek dira lehenengo urratsak.

Hasierako trebakuntza ere ematen dugu, behar bereziak baitituzte umeek. Geroago ere eskaintzen dugu. Aldi berean, profesional bat dago umearen garapenaren jarraipena egiteko.

Zergatik da garrantzitsua jendeak izena ematea harrera programan?

Une hauetan ume asko daude hezitzaile taldeetan eta Foru Aldundiko egoitzetan bizitzen. Haur horiek familia normalizatuetan heztea behar dute, haztea eta maitatuak sentitzea. Beti egon dira eta egongo dira.

Aipatu nahi dut harrera mota ezberdinak daudela. Legearen arabera, aldi baterako harrera edo larrialdi harrera izan daiteke. Azken horiek asko behar ditugu. Ume txikiak, 0 urtetik 3 urtera, zaintzera bideratuta daude.

Horregatik deitzen zaie larrialdiko harrerak. Bat-batean agertzen dira eta ez dute asko irauten, 3 hilabete gehienez jota, zaintzaile egonkorragoa topatu arte.

Gaur egun, Araban, ume txiki horiek egoitzetara eraman behar ditugu, familia nahikorik ez ditugulako.

Horregatik, zalantzak dituenak hitzaldietan parte hartu behar du, edo deitu informazio eske. Harrera guztiak ez dira 18 urte bete arte, behar eta egoera oso ezberdinak daude. Epe laburrekoak badaude. Gurekin harremanetan jartzeko acogimientoaraba@paafa.org helbide elektronikoa baliatu daiteke, edo 945 77 30 52 telefono zenbakira deitu.

 

"Aipatu nahi dut harrera mota ezberdinak daudela. Legearen arabera, aldi baterako harrera edo larrialdi harrera izan daiteke. Azken horiek asko behar ditugu. Ume txikiak, 0 urtetik 3 urtera, zaintzera bideratuta daude"

 


Zer nolako ekarpena egiten die harrerak umeei eta familiei?

Umeari argi dago. Onuragarriagoa da, ongizatea bermatzen zaio eta errazago sentituko da maitatua, beste leku batean baino. Gure gizartea soziala da, familietan hazten gara eta horietan zaindu daiteke hobeto.

Umeen garapena hobea da familia batean egoitzetan baino. Familiek esaten dute beti alde zailak daudela eta aintzat hartu behar direla. Eskertzen dute programak ematen duen sostengua, ez baita erraza.

Edonola ere, alde onak askoz baliagarriagoak dira haientzat. Agian bizitzan egin duten gauzarik zailena da, baina baita aberasgarriena ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide