Eskualdeko ordezkaritza zabalak parte hartu du "Hiru Haundiak" iraupen luzeko frogan

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko urr. 21a, 20:35

Areta Trail taldeko kide den Josu San Emeterio atzo Hiru Haundiak frogan. / Unai Llano

Hiru Haundiak iraupen luzeko proba egin zuten atzo: Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendiak lotzen dituen 101 kilometrotako ibilaldi ezaguna. Aiaraldeatik lagun asko bertaratu ziren lasterketan parte hartzera zein kirolariak animatzera.

Larunbatean, gaueko hamabietan abiatu zen Murgiatik “Hiru Haundiak” iraupen luzeko probaren XXI. edizioa. Parte hartzaileek 101 kilometro eta Gorbeia, Anboto eta Aizkorri gailurrei egin beharko zioten aurre hurrengo 24 ordutan.

Mila kirolari inguruk hartu zuten parte eta horien artean Aiaraldeko ordezkaritza zabala aritu zen, eskualdeko 72 lagun orotara.

"Jai-giroa" nagusi
Parte hartzaileetaz gain, ehunka zaletu egon dira ibilbide osoan zehar kirolariak animatzen. Unai Llano izan da horietako bat, Landan izan da Aretako korrikalariak animatzen. Irteeran, helmugan zein ibilbidean zehar goiroa “oso polita” izan dela azpimarratu du, “jai-giroa zen nagusi, helmugan kirolari asko seme-alabekin sartu dira eta oso polita izan da, izugarria da lasterketa hau.”

Araian zuten mendizaleek helmuga zain, Aizkorri menditik igaro eta kilometro gutxira. Sailkapen orokorrean Javi Dominguez izan da garaile, 101 kilometroak 11 ordu eta 14 minututan osatuta.

Ivan De la Cruz Aiaraldeko azkarrena
Eskualdeko azkarrena Ivan de la Cruz laudioarra izan zen, helmuga 13 ordu eta 51 minututan zeharkatu zuen, sailkapen orokorrean 24. postura igoz. De la Cruzek lasterketaren edizio "bereziki gogorra" izan zela azpimarratu du, "asko disfrutatu dut, baina lainoak asko zaildu zuen froga, inoiz ez dut hain laino dentsorik ikusi. Horrelako egoeratan ezin zara azkar ibili ez baituzu ezer ikusten eta erori eta lesionatzeko arriskua dago; gainera deshidratazioa handiagoa da eta horrek asko nekatzen zaitu".

Laudioarra egindako denborarekin pozik agertu bada ere "beti hobetu daitekeela" azpimarratu du, garrantzitsuena "disfrutatzea eta ondo pasatzea" dela argi utzita.

Emakumezkoetan Maria Menoyo, Amurrio Trail taldeko kidea, izan zen Aiaraldeko azkarrena, ibilbide osoa 17 ordutan eta 43 minututan osatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide