Aiarako turismo mahaia aurkeztu dute

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko urr. 22a, 19:12

Aiaratur ordezkatuko duen lan-talde berriaren osaera eta helburuak azaldu dituzte.

“Mahats bilketaren amaiera aprobetxatu dugu Aiarako Kuadrillako turismo mahaia aurkezteko”, azaldu du Maider Basterra Kuadrillako lehendakariak Belduiko txakolindegiko aurkezpenean. Arabako Foru Aldundiko Cristina Gonzalez diputatuarekin eta Jose Antonio Merino Jatorrizko Izendapeneko presidentearekin egin du agerraldia. “Turismoa indartzea da helburua”. Zentzu horretan, babes ekonomiko eta teknikoa eman izana eskertu diete Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.

“Arabako Txakolina elkartzen gaituen produktua da, ekintzailetza izpiritua berpiztu nahi dugu”. Horretarako upategi, udal eta ostalaritzako zenbait ordezkariren laguntza izan dute. “Iragana ahaztuko dugu, esperientzia berriak elkarrekin partekatzeko. Baditugu produktuak, natur ingurune ederrak, kultura, ondarea… Txakolinaz gain, kalitate oneko gazta, ogia, eztia eta barazki eskaintza aparta dugu”, azpimarratu du Basterrak.

Mahai berriaren ezaugarriei dagokienez, erakunde publiko-pribatua izango da. Aiarako Kuadrillako ordezkari eta alkateekin batera, tokiko ostalari, upategi eta ekoizleak elkartuko dira, baita lehen sektoreko zenbait kide ere. “Merkatari elkarteak, Jatorrizko Izendapena… ere badaude. Aiaraturren egitura antzekoa du oraingo mahaiak, baina ordezkaritza politikoa murriztu da”.

"Produktuen izpiritua" berreskuratzea helburu
Aurtengo ikasturtean koordinazioa eta “produktuen izpiritua berreskuratzea” izango dituzte lehentasun. Txakolinaren Ibilbidearen sustapenean sakonduko dute horretarako, ACEVINen egotea inportantea delakoan: “Ez txakolinagatik bakarrik, Espainiako ardoen ibilbideetan presentzia izateko ere. Zeharka bada ere, turismo ugari erakartzen du Espainiatik”.  Horrez gain, Basquemountains egitasmoaren baitan natur turismoa bultzatuko dute, mendi ibilbideen bidez. “Denetariko gustudun jendea dago: Ermualde gogoko duena, Kexaa, Arteako Santutegia… Aiarako aukerak baliatzeko ezinbestekoa da sektorea berriro inplikatzea”.

Turismoa %15 hazi da azken hiru urteetan
Cristina Gonzalez diputatua bat etorri da Basterrarekin: “Aiarak ekintza eta ondare handiak ditu. Hori da saltzen saiatzen ari garena. Lege agintaldian 2 helburu izan ditugu: bisita gehiago izatea eta bisitariak denbora gehiago ematea bailaran”. Zentzu horretan, uzta positiboa lortu dute: turismoa %15 hazi da azken hiru urteetan. Horretarako, bertako zein kanpokoentzako eskaintza baliatu dute. Horren adibide da Txakolinaren Ibilbidea: Landetxeek, upategiek eta ostalaritzak arrakasta izan dute, “azken zubian ikusi bezala”.

Halaber, eskualdea Arabarekin  lotzeko zenbait egitasmo garatu ditu Aldundiak: Antzinako azoka sustatu dute Artziniegan, besteak beste. Izan ere, orain arte, Arabar Errioxan eta Gasteizen nagusitu da, batez ere, turismo fluxua. “Arabako beste zenbait lurralde ezagutaraztea lortzen ari gara, zorionez”, erantsi du Gonzalezek.  Laudioko Lamuza parkea ere izan du hizpide diputatuak:  “Lamuzako parkea berreskuratzen ari gara, eraikin historikoengatik eta paisaiagatik duen foku turistikoagatik. Kexaan, Amurrion… turismoa gastronomiarekin uztartzen da. Beraz, denon artean osatu behar dugun ibilbide eta mahaia da”. Aiarako eszenatoki turistikoen sustapena eta garapena izango dituzte ardatz, hortaz, aurrerantzean.

Jose Antonio Merinok, berriz, Txakolinaren ibilbidearen garrantzia azpimarratu du: “Ekonomikoki, sozialki, kulturalki eta turistikoki sustatu nahi izan ditugu Aiara inguruko bi eskualdeak. Espainiako ardoen ibilbidean sartzea izan da helburua, horrek ikusgarritasuna eta aitortza ematen baitu”. Lehen pausoak eman dituzte dagoeneko, arazo asko izan badituzte ere. Tokiko erakundeen laguntza eskertu du Merinok, eta ilusioa soberan dutela nabarmendu.

Aurkezpen ekitaldiaren ondotik mahats bilketaren amaiera ekitaldia egin dute. Hala, erakunde publikoetako ordezkariek moztu dituzte azken mahats sortak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide