Kalamua Aiaraldean: Geroz eta ohikoagoa, beti bezain zigortua

Aitor Aspuru Saez 2018ko urr. 28a, 09:00

Oso ohikoa den arren, kalamuaren kontsumoa zigortua izan daiteke. / Aiaraldea.eus

Kalamuaren presentzia gero eta publikoagoa da Aiaraldean. Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi substantziaren kontsumoak zigorrik ekarri ezin dezakeenik. Hori gutxi balitz, arrisku gehiago sortzen ditu marihuana landatzeak, norberaren kontsumo hutserako izanda ere: lapurretak, osasun-arazoak, isunak...

Duela 20 urte ez bezala, arrunta bilakatu da marihuanaren kontsumoa eskualdeko hainbat lekutan. Fenomenoa geroz eta publiko eta zabalagoa da, eta hedapen horrek zenbait mitorekin bat egin du.

Kalamua landatzen duten askok uste dute ale gutxi batzuk edukitzea legezkoa dela, baina egoera ez da hain argia. “Landare batzuk izatea legezkoa izan daiteke, baina kopurua ez dago zehaztuta. Hortaz, segurtasun juridikorik ez dago esparru horretan. Auzitegi Gorenaren epaiak oso ezberdinak dira eta azken erabakia beti egongo da epailearen iritziaren menpe”, azaldu du Ainize Gastaka abokatu laudioarrak.Ziurtasun gabezia horri gehitu behar zaio poliziak bi bide jorratu ditzakeela kalamuari dagokionez, “Mozal Legea” alde batetik, eta Kode Penala, bestetik. Kontsumoari lotutako kasuak “Mozal Legeak” zigortzen ditu; esparru publikoan erretzea edo kontsumo propiorako kalamua gainean eramatea, esaterako. Kontuan hartu behar da kontsumo medikua ere ez dagoela baimenduta. Horrez gain, landaketa ere jomugan du lege horrek eta kaletik marihuana landarea ikusten bada, isuna jar dezakete poliziek; 600 eurotik 30.000 eurora, hain zuzen, kasuaren arabera.

Aldiz, Kode Penalak salmentaren aurka jotzen du. Gastakak nabarmendu du: “3 urteko kartzela zigorrak ezarri dezakete epaileek, adibidez, drogak saltzeagatik, kalamua barne. Hori ez ezik funtzionarioa izateko ere desgaitu dezakete akusatua".

 

“Marihuana ale gutxi izanda ere, drogen salmenta eta osasun publikoaren kontrako delituak egotzi ditzake poliziak”

 

Gauzak horrela, ematen du kontsumoa bermatzeko landatzen duten erabiltzaileak lasai egon daitezkeela, baina abokatuak ez du hain argi. “Marihuana ale gutxi izanda ere, drogen salmenta eta osasun publikoaren kontrako delituak egotzi ditzake poliziak. Adibidez, landare apurrekin batera nolabaiteko azpiegitura topatzen badute salmentarako: balantza, poltsak, bezero zerrenda...”.

Kontsumitzaileen aldea
Dena den, legetik harago, hainbat arriskuri egin behar diete aurre kalamu erabiltzaileek. Ilegal izateak zailtasunak eta eragozpenak sortzen ditu. Horri buruz mintzatzeko H-rengana jo dugu. 15 urte baino gehiago daramatza kalamua kontsumitzen eta ondo ezagutzen ditu legeak eta gizarteak ezartzen dituen mugak.

Lehenik eta behin, Hk azpimarratu du arazo gehituak ilegal izatearen ondorio direla maiz. “Demagun, zuk landare gutxi batzuk dituzula etxean zure kontsumorako. Horrek ahultasunak sortzen dizkizu. Talkaren bat izanez gero auzokideren batekin, berehala mehatxatuko zaitu eta iradokiko dizu Ertzaintza deituko duela zure etxean sartzeko”.

Edonola ere, hori ez da kasurik okerrena. Legez kanpoko ondarea direnez, printzipioz, inork ez du salatuko poliziaren aurrean marihuana lapurtu diotenik. Hala, badaude taldeak edo norbanakoak prest marihuana landareak lapurtzeko. “Kasurik onenean etxeko atea edo hesia apurtuko dizute, edo txakurra jipoitu eta batzuetan hil” adierazi du Hk.

 

“Behin etxean nengoelarik, gaueko hamabiak aldera entzun nuen zarata kanpoan. Atera nintzen eta pertsona talde bat zegoen. Nire kalamua lapurtzera etorri ziren eta armatuak zeuden”

 

Hala ere, berak ataka kritikoagoak bizi izan ditu: “Behin etxean nengoelarik, gaueko hamabiak aldera entzun nuen zarata kanpoan. Atera nintzen eta pertsona talde bat zegoen. Nire kalamua lapurtzera etorri ziren eta armatuak zeuden. Matxetea erakutsi zidaten, besteak beste. Zorionez, ni ez nengoen bakarrik eta defendatu ginen, bestela, auskalo zer gertatu zitekeen”.

Kalamuaren atzean lapur nahiko daudela uste du Hk: “lan edota ikasten ez duen jendea badago. Hartzen dute autoa eta hemendik hara joaten dira, landarea topatzea helburu, gero eurek saltzeko”.



Drogotest
Hk bestelako arriskua gaineratu du: errepidean egiten diren droga kontsumoen testak. “Proba mota horiek Estatu Batuetako zenbait eremutan debekatuak daude. Berez, zure gorputzean kalamu zantzurik geratzen den neurtzen dute, baina horrek ez du esan nahi autoa gidatu baino lehen kontsumitu duzunik, edo “drogaturik” zaudenik. Norbanako guztiek ez dute gaitasun bera kalamua organismotik ezabatzeko. Agian duela bi egun erre duzu, baina oraindik zenbait arrasto geratzen direnez zure gorputzean, positibo eman dezakezu, eta zigorra ez da txikia. Arau-hauste oso larria da. Alkoholarekin ezberdina da. Legeak oso modu zehatzean ezartzen du zenbat alkohol egon daitekeen zure organismoan, kalamuarekin, aldiz, ez”.

Legalizazioa?
Aipatutako trabak aintzat harturik, legalizazioa konponbidea ote den itaunduta, Hk ez du bide hori egokitzat jotzen. “Ni despenalizazioaren eta normalizazioaren aldekoa naiz. Uste dut kalamua legeztatuko balitz, Bayer eta Monsanto enpresa transnazionalak sartuko liratekeela merkatuan eta produktu transgenikoez beteko luketela, adibidez. Hori ez da kontsumitzailearen mesederako. Ziurrenik, oraindik pestizida barik landuko zutenak egongo litzateke, baina gutxiengoa izango litzake”. Hala eta guztiz ere, Hren aburuz, zerbait arautu beharko litzateke marihuana negozio hutsa ez bilakatzeko.

Legearen pisuaz gain, Hren iritziz, badaude bestelako oztopoak: “Nolabaiteko estigma dago marihuana kontsumitzaileei dagokienez. Kalamua droga bat da, argi dago, eta kalteak sor ditzake, substantzia guztiek bezala, baina alkohola edo tabakoa ez dira ezberdinak eta legezkoak izan ez ezik, onartuak ere badaude. Inork ez du esaten: “hara, hortik doa alkohol edale bat. Aldiz, ez da arraroa norbaiti 'porrero' deitzea”.

Bere iritziz, hori ere aldatzen ari da, apurka-apurka. “Gaztetan erretzen hasi ginenetako batzuk hasi gara kontsumoa beste modu batean egiten eta jadanik 30 urte ditugu. Bistakoa da kalamuak ez digula arazorik sortu eta horrek jendearen ikuspegia aldatzen du”.

 

“Uste dut kalamua legeztatuko balitz, Bayer eta  Monsanto  enpresa tran- nazionalak sartuko liratekela  merkatuan eta produktu transgenikoez beteko luketela"

 

Pedagogia
Heziketa da punturik garrantzitsuena Hrentzat, eta kalamua zein gainerako drogak beste modu batean hartzearen aldekoa da. Izan ere, denboraren poderioz, autokritikoa bilakatu da: "Nerabea nintzenean  institutuan erretzen nuen kalamua, hori azaleratu behar zela uste bainuen. Gaur egun, ordea, uste dut kontu pribatua dela eta ez genukeela drogak bistan hartu behar, pedagogia eredu oso txarra baita ume eta gazteentzat. Gero ezin gara harritu gazteak sekulako mozkorrak edo 'fumadak' hartzen dituztenean, jende orok edaten edo erretzen baitu kalean. Hori da gizarteak erakusten duena eta bestelako pedagogiaren beharra dago”.

Egun, kontsumo arduratsuaren aldekoa da H: “Nire aburuz, kontsumo arduratsua da 2 eta 5 gramo artekoa egunean, gehienez, betiere norberaren tolerantziaren arabera, eta posible bada, tabakorik gabe, baporizatua. Kalamuak bronkioak irekitzen ditu eta tabakoarekin batera erretzen bada, alkitrana eta bestelako toxikoak errazago sartzen dira birikietan”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide