Bilera informatiboa eskainiko du irabazi asmorik gabeko Goiener kooperatibak gaur -urriak 26- Arrankudiagan. Energia berriztagarria sortu eta kontsumitzearen inguruan mintzatuko dira bertan. 19:30ean izango da zita, Gizarte Etxean.
“Energia burujabetza berreskuratzea” da Goienerren helburua. Energiaren sorkuntza eta komertzializazioan dihardute, energiaren garraioa eta banaketa Espainiako Sare Elektrikoaren eta enpresa handien esku baitago.
Orain Amurrioren mahai-ingurua
Goienerrek presentzia handia izango du gaur eskualdean, Amurrion egingo den mahai-inguru batean ere hartuko baitute parte kooperatibako kideek. Trantsizio energetikoa eta udalgintza izango dituzte hizpide Katekesi aretoan, Orain Amurriok antolatutako jardunaldietan. 17:30ean tailerra egingo dute, “politika energetiko lokala aldaketa esparru bezala” landuaz. Izaro Basurkok gidatuko du dinamika. Tradenerreko kidea da bera, trantsizio energetikoa eta demokrazia lantzen dituen taldea.
19:15ean, aldiz, solasaldia egingo dute. Bertan parte hartuko du Goienerreko teknikaria den Susana Canterok, Xabier Zubialde Legarreta ingeniariarekin eta Alba del Campo kazetari eta aktibistarekin batera.