Ordu aldaketarekin batera iritsi zen atzo elurra Aiaraldera. Iragarrita zegoen asteburuan eguraldi txarra egingo zuela. Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu zuen larunbat arratsaldean, elurra egingo zuela iragarrita. Supelaur elkarteak Gaztain Egunean egitea aurreikusita zuen ibilaldia bertan behera utzi zuen horregatik, badaezpada.
Igandean 600-800 metro artean kokatu zen elur-kota. Gauzak hala, eskualdeko mendi garaienak zurituta esnatu ziren. Mendizale ugari botak jantzi eta aldapan gora abiatu ziren, udazkeneko lehen elur-malutez gozatzeko prest.
Lehen elurtea Gorobel mendilerroan!! pic.twitter.com/RbcQ2lViVT
— Joseba Llano Hernaiz (@joseballanoh) 2018(e)ko urriaren 28(a)
Datozen egunerako aurreikuspena
Gaur elurra egiten jarraituko du, Euskalmeten aurreikuspenaren arabera. “Goizean zerua estalita egongo da eta euria barra-barra egingo du, elur-kota 700-800 metrora dagoela, baina litekeen da tarteka beherago jaistea”, adierazi du Euskal Metereologia Agentziak. “ Ipar-haizeak gogor joko du orduan eta baliteke ekaitzak jotzea, txingorrarekin batera. Arratsaldetik aurrera haizeak ahultzera egingo du eta mendebaldera aldatuz joango da; elur-kota igoko da eta gauean atertzera egingo du”.
Eguraldia hobetu egingo da bihar: “Zerua hodeitsu egongo da, baliteke euria egitea, batez ere arratsaldean. Hego-haizea bizi ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira”.