Aiaraldeko hiru bertsolari arituko dira Arabako Bertsolari Txapelketan: Ainhoa Comas amurrioarra, Serapio Lopez baranbioarra eta Izar Mendiguren laudioarra. Lopez automatikoki sailkatu da, iazko txapelketan finalista izan baitzen.
Comas eta Mendiguren, aldiz, lehen hamahiruen artean geratu dira kanporaketetan. Lehenak 172 puntu eskuratu zituen Agurainen eginiko saioan. Bigarrenak, aldiz, 158 puntu lortu zituen Maeztun. Asier Rubio, Iñaki Cabeza eta Unai Mendibilek ere hartu dute parte kanporaketetan, baina ez dute txapelketarako txartela eskuratzerik izan.
Otsailean ekingo diote Arabako Txapelketan lehiatzeari.