Hileten bilakaera Aiaraldean: Errausketek gora egin dute baina elizkizun kopurua mantendu egin da

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 1a, 15:04

Lurperatze kopurua gutxitu egin da, errausketaren mesedetan. Argazkiak: Aiaraldea.eus eta Larraz

Urteek aurrera egin arren, eskualdea nahiko tradizionala izaten jarraitzen du heriotzari dagokionez. Hala diote Larraz ehorztetxeko kideek. Elizkizunak kopurua mantendu egin da, baita pertsona gazteen kasuan ere. Hala ere, errausketa nagusitasuna hartzen ari da lurperatzearen aukeraren aurrean.

Domu Santu eguna da gaur. Aiaraldear asko bertaratuko dira datozen orduetan eskualdeko hilerrietara, zendutako senideei loreak jartzera. Aiaraldea asko aldatu da azken hamarkadetan, baina aldaketak ez dira horren nabarmenak izan heriotzaren kudeaketari dagokionez. Hala uste dute Larrazeko kideek. Esperientzia handia dute, 74 urte baitaramate sektorean. Eskualdeko  ehorztetxe bakarra dira.

Euren ustez, “oso ohikoa” da oraindik mezak egitea, “baita jende gaztearekin ere”. Hala ere, gaineratu dute lehen askoz gehiagotan eramaten zela gorpua elizara, “gaur egun ez da horren ohikoa”. Zentzu horretan, eskualdean “nahiko tradizionala” izaten jarraitzen duela uste dute. Hiletetan erabiltzen den loreei dagokionez, kopurua txikitu egin dela aipatu dute. “Hirietako tanatorioak enpresa multinazionalak izaten dira eta lehia bizi dute euren artean. Horregatik, oso eskaintza bereziak egiten dituzte. Hemen sinplera jotzen dugu, jendeak bilatzen duen horretara”.

Eskelak, oso ohikoak
Eskelak ere oso ohikoak dira eskualdean, beste toki batzuetan baino gehiago. “Beste zonalde batzuetan ez dira kaletik horrenbeste eskela ikusten. Hemen jende nagusiak soilik ez, gazteek ere badute ikustera geratzeko ohitura”.

Errausketaren gorakada
Pertsona bat hiltzen denean badaude jarraitu beharreko derrigorrezko pausu batzuk. “Hildakoa kutxa batean sartu behar da nahitaez, osasun legeak medio. Zerbitzu bat kontratatu behar da horretarako”, azaldu dute Larrazeko kideek. “Gaur egun jende gehiena ospitalean hiltzen da eta ehorztetxeko norbait doa ospitalera gorpua hartzera”.

Lau tanatorio ditu Larrazek: Amurriokoa, Laudiokoa, Arrigorriagakoa eta Zornotzakoa. Baina Laudion baino ez dute errausketetarako labea. “2003an erosi genuen, duela 15 urte. Ordura arte errausketak egiteko Bilbora joan behar zen, eta hildakoa Bilbokoa ez bazen edo hirian zendu ez bazen zerrendan azkenak jartzen zituzten senideak eta zerbitzua asko garestitzen zuten”.



Errausketa nagusitasuna hartzen ari da urteen poderioz, Larrazeko kideek arabera.  “2012an %50ak hartzen zuen aukera hori. Gaur egun, baina, ehuneko hori %60ra iristen ari da”. Gainontzeko %40ak lurperatzearen alde egiten dute.   

Beste aukera bat ere badago: gorpua zientziara edo osasun-sistemara dohaintzan ematea. Larrazeko kideek ez dute aukera horren inguruko datu zehatzik, baina kopurua askoz txikiagoa dela aipatu dute.

300.000 euro kutsadura deuseztatzeko
Gorpuak erraustean kutsadura sortzen da, baina egun ez da airera botatzen. “Iaz 300.000 euroko inbertsioa egin genuen filtro batean, kutsadurarik egon ez dadin”, azaldu dute Aiaraldeko ehorztetxeko arduradunek, “badakigu etorkizunean legeak horrelakoak jartzea eskatuko duela, eta aurreratu nahi izan dugu”. Iragazki horrekin kutsadura erabat deuseztatzen da, ziurtatu dutenez. “Beti egon dira polemika eta mitoak errausketak sortzen duen kearen inguruan, baina sortzen duen kutsadura su handi batek eratzen duenaren tankerakoa da. Benetako kontaminazioa fabrika batek sortzen du”.



Heriotzarako prest
Arestian aipatutako guztia kontuan hartuta, nola egin aurre heriotzak sortu ditzakeen gastuei? “Bizitzan zehar aseguru bat ordaintzea izan da ohikoena Aiaraldean, hiltzerakoan hiletaren oinarrizko zerbitzua ordaindua egoteko”. Gauzak hala, asegurua egitea gomendatzen dute Larrazeko kideek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide