Iaz baino hamaika aldiz gehiago irabazi du aurten Tubacexek

Erredakzioa 2018ko aza. 6a, 12:30

Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu ziren Tubacex Taylorreko langileak udan.

Enpresa taldeko zuzendaritzak adierazi du hainbat proiektu dituela esku artean eta hurrengo urteetarako aurreikuspena sektorean "oso ona" dela.

12,4 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu Tubacexek urtarriletik irailera bitartean. Igoera oso nabarmena da hori Aiaraldean finkatutako talde multinazionalarentzat, iaz 1,1 milioi euro baino ez baitzituen irabazi denbora tarte berean. Salmentetan igoera nabarmena (%40,3koa) izan du, 519,9 milioi euroko marka erdietsita.

Epe ertainerako aurreikuspena “oso positiboa” dela nabarmendu du Jesus Esmorisek. “Proiektu asko ditugu esleipen pipelinean”, azaldu du enpresaren kontseilari delegatuak.

Gauzak hala, 2019a “berreskurapenean” igaroko dutela eta 2020 eta 2021an sektorean “zabalpen indartsua” egongo dela aurreikusten dute zuzendaritzako kideek.

Azaldu dutenez, Tubacexen estrategia urte askoko proiektu handietan oinarritzen da. Tokiko enpresetan eginiko ekoizpen eta garapen teknologikoa elkarlanean egiten dute produktua bidaliko den herrialdeetako lehen mailako enpresekin. “Estrategia horren arrakastaren seinale da Egiptoko Gobernuarekin eginiko akordioa energia nuklearra garatzeko”.

Tokiko lantegietako egoera
Emaitza oparo horiek kontraste nabarmena dute enpresak eskualdean dituen lantegietako egoerarekin. Izan ere, Tubacex Taylorreko kideek sei eguneko greba egin zuten udan lan hitzarmenaren defentsan, eta enpresak bi langile kaleratu zituen.

"Gaur egun egoerak berdin jarraitzen du", adierazi dute langileen ordezkariek, "kaleratutako bi beharginak ez dituzte berriz onartu eta orain zuzendaritzak urtero 15 egun gehiago lan egitea eskatu digu, baina hori arrazoitzeko inolako plan industrialik aurkeztu gabe". Eusko Jaurlaritzarekin bilerak egin dituzte Tubacex Taylorreko beharginek. "Lan departamentuaren deiaren zain gaude, laster izango ditugu albiste gehiago".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide