Zertan datza Oxigenoa Euskarari 6.000 metrotan ere proiektua?
JON FONBELLIDA: Proiektuaren hasierako helburua zen Euskal Herriko 12 gazte Himalaiara eramatea, bertan 10 xerpa gazterekin elkarbizitzeko hilabete batez. Elkarbizitza horren ardatza hizkuntza izan da, euskara bezala hizkuntza gutxitua baita xerpera. Himalaiako egonaldian zehar gazteok elkarri norberaren hizkuntza irakasten egon gara.
Nondik jaso zenuten proiektuaren berri?
BESAIDE ASTOBIZA: Egitasmoa Felipe Uriarte mendi gidariak sortu zuen. Duela urtebete gutxi gora behera ikastolara eta institutura etorri zen proiektua aurkeztu eta partaide bila. Bertan erabaki genuen parte hartzea familiekin ondo kontsultatu ostean. Urte bete eman dugu Himalaiako egonaldia prestatzen, proiektua herriz herri ezagutzera ematen eta finantzazioa lortzen.
"Proiektuaren kamisetak edonon ikusi daitezke. Beraiei esker heldu gara bertara"
Zer ekimen egin dituzue zeharkaldiko finantzazioa lortzeko?
IKER ZUBIZARRETA: Jendeak nahikotxo lagundu gaitu. Guztira 60.000 euroko inbertsioa egin behar zen Himalaiara joateko, gazte bakoitzak 6.000 euro. Enpresa eta denda txikiek asko lagundu digute. Laudion, esaterako, Mekatxaber enpresak asko lagundu gaitu, baina komertzio txikiek ere egundoko ekarpena egin dute. Finantzazioaren zatirik handiena kamisetak saltzetik lortu dugu, hori jendea inplikatu denaren seinale da eta proiektuaren kamisetak edonon ikusi daitezke. Beraiei esker heldu gara bertara.
"Katmandura iristerakoan munduaren beste puntan zaudela ohartzen zara, zeharo desberdina da eta aldatu egiten da zure mundua ikusteko modua"
Nolakoa izan zen Euskal Herritik Nepaleraino bidaiatzea? Urduri zeundeten?
I.Z: Ni espektatiba handirik gabe nindoan. Beste inoiz gertatu zait nonbaitera ilusio handiekin bidaiatu eta gero ez izatea nik uste nuen bezalakoa. Ez nuen hori Himalaian gertatzea nahi.
J.F: Ni ere ezjakintasun handiarekin nindoan, etxean nengoela ez nuen begiratu Interneten zer topatuko nuen bertan. Urduri nengoen bai, nire lehendabiziko hegazkin bidaia luzea izan behar zuen. Katmandura iristerakoan munduaren beste puntan zaudela ohartzen zara, zeharo desberdina da eta aldatu egiten da munduarekiko duzun pertzepzioa.
B.Z: Nik banekien garapen bidean zegoen herrialdea zela. Handik ikastea zen nire helburu nagusia, beste bizitzeko moduak ezagutzea.
Nolakoa izan da zeharkaldia? Ze leku ezagutu dituzue?
B.Z: Zeharkaldiak 24 etapa izan ditu. Hirugarren etapatik aurrera xerpa gazteekin elkartu ginen eta beraiekin batera egin genuen bidaia. Goizetan zeharkaldia egiten genuen, mendian barrena leku batetik bestera joaten ginen eta bazkalostean bi orduko klaseak genituen xerpa gazteekin harremana estutu, kultura ezagutu eta hiztegia lantzeko.
JULEN REKETA: Bidaia Luklan hasi genuen 2.800 metrotan. 14 plazako hegazkin txiki batek eraman gintuen Katmandutik Luklara, denbora faltagatik. Jende asko ikusi genuen bertan, turista ugari, nabaria da Khumbu bailaran azken urteetan egon den garapen ekonomikoa.
Namche Bazar hirira heldu ginen ibilian eta bertan lehenengo aklimatazio saioa egin genuen Khunde Ri 4.200 metrotako mendian, xerpa gazteekin batera. Khumjung herritik aurrera ez genuen zeharkaldi guztian zehar altuera galdu. Dingboche, Lobuche, Chukung eta Gokyo herrietatik igaro gara besteak beste. Bailaratik bailarara pasatzerako orduan 5.500 metrotako mendi-lepo potenteak zeharkatu ditugu beti.
6.000 metroko bi mendi igo ditu espedizioak zeharkaldian, nolakoa izan da esperientzia?
J.F: Bakoitzarentzat, nahiz eta mendi berdina igo, ibilbidea desberdina izan da. Bakoitzak bere mendi propioa du eta bere mendia egiteko era. Ikerrek eta nik Imja Tse mendia igotzeko zortea izan genuen. Imja Tse 6.200 metrotako mendi kabroi bat da, psikologikoki niri oso gogorra egin zitzaidan. 1:00etan abiatu ginen eta gauez zu zara zure bero-iturri bakarra, zaila da.
B.Z: Igoeran puntu batera iritsi ginen non gutako batzuk buelta ematea erabaki genuen. Hotzagatik ezin nuen aurrera jarraitu eta asko pentsatu ondoren kanpamentura jaistea erabaki nuen, amorru handiarekin. Orain ez naiz damutzen erabakiaz baina momentuan gogorra egin zitzaidan. Gerora lortuko genuen beste 6.000 metroko mendi batera igotzea.
I.Z: Ni ez naiz oso hozbera egia esan, arropa ona generaman, 6.000 metrotara igotzeko aproposa. Niri lo faltak kaltetu ninduen gehien, nekea eta logura nabaritzen nuen, momentu zail batzuetan bereziki, aklimatazio falta geneukala sentitzen nuen. Baina tontorrera igotzea gauza ederra da, zaila da sentitzen den guztia azaltzea, baina erabat asebetetzen zaitu.
Nolakoa izan da harremana xerpa gazteekin?
J.F: Oso harreman ona izan dugu. Lagun giro ederra sortu da eta hori aukera paregabea izan da xerpera sakonetik ikasteko. Xerpa gazte bakoitza mundu bat zen eta bakoitzarengandik asko ikasi dugu. Xerpa helduekin ere oso harreman estua izan dugu.
B.A: Lagun onak egin ditugunaren sentsazioa daukat. Kultura itxia da xerpena eta oso hurbiltasun keinu ederrak izan dituzte gurekiko. Nik urtebetetzea bertan ospatu nuen eta beraiek urtebetetzeak ospatzen ez dituzten arren nigana etorri eta zorionak esan zidan xerpa lagun batek belarrira. Detaile txikiak baina oso sakonak bizi izan ditugu.
Ze egoeretan dago xerpa hizkuntza?
J.F: Erabilera aldetik oso egoera onean dago, gazteek asko erabiltzen dute. Daukan arazo handiena da irakasteko zailtasuna. Ahozko transmisio bidez zabaltzen da hizkuntza, gurasoek seme-alabei pasatuta. Idazkera ere galduta dauka, azkenaldian zerbait berreskuratu duten arren.
Proiektuari zer jarraipen emango diozue orain?
J.R: Gure lehenengo helburua dokumental txukun bat osatzea da. Irudi oso onak filmatu ditugu, bereziki gurekin zetorren Mikel Fernandez kameralariari esker. Felipe Uriartek idatziko du gidoia, badago zeozer ona aurkezteko materiala.
Dokumental proiektua zabaldu eta xerpa gazteak Euskal Herrira ekartzeko finantzazio iturria izan daiteke ere. Nik uste badaudela aukerak xerpak gurera ekartzeko.
J.F: Badaukagu material nahikoa Euskara-Xerpera hiztegi bat osatzeko, euskaldun batek hiztegi hori hartu eta xerpekin komunikatzeko haina.
"Ikasi dut mendiari errespetu gehiago izaten. Gauzak lehenengoan ez lortuta ere bigarrenean badela lortzerik"
Ze irakaspen ekarri dituzue Xerpa herriarekin bizitako hilabete honetatik?
I.Z: Harritu nau zelan hain gutxi izanda hain pozik bizitzeko gai diren. Zenbat eta gehiago izan geroz eta pobreagoak gara arimaren aldetik, ez gara konformatzen. Nik irakaspen hori ekarri dut.
J.F: Niri Xerpen leialtasunaren kontzeptuak asko hunkitu nau, baita elkarrekiko duten errespetua, heldu eta gazteen arteko moldatzeko moduak.
B.A: Nik, mendizaletasunaren aldetik ikasi dut mendiari errespetu gehiago izaten. Gauzak lehenengoan ez lortuta ere bigarrenean badela lortzerik. Lasaiago eta pazientzia gehiagorekin ibiltzen ikasi dugu bidaia honetan.
J.R: Nik gazteekin ibiltzen ikasi dut. Egin dugun zeharkaldian ohartu naiz gazteek duten potentzialaz eta gaitasunaz, ia mugagabea. Gaitasun hori kudeatu beharra dago, baina gazteak altxor bat dira. Bidaia hasieran zalantzak nituen zor zitezkeen arazoen aurrean, aklimatazio faltaren aurrean eta abar, baina oso ondo jakin dugu arazo horiei aurre egiten, oso ondo kudeatu dugu guztia.