Atzo Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak Lazarraga Saria jaso zuen Artium Museoan. Arabako Foru Aldundia, SEA, Arabako Enpresak, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera, Aenkomer, Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariak, Electra Vitoria, Oreka It, Laneki eta Bai Euskarari Elkartea dira horren sustatzaileak eta aitortzen dute arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzen duten eragileen lana.
Aurten saridunetako bat izan da Aiaraldea Kooperatiba Elkartea, Trebiñu Sagardotegia, Baiona Hortz Klinika, Gamarrako Ostalaritza eskola eta Paul Urkijo "Errementari" filmaren zuzendariarekin batera.
Anakoz Amenabar Arabako ALEAko kideak eta Edurne Begiristain Berria Taldeko ordezkariek goraipatu zuten “Komunitateari plaza komunikatibo irekia eskaintzen” duela Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak. “Komunikabide bat baino gehiago osatzen dutelako. Herritarrei eta kolektibitateari eragiten dieten esparru guztietan euskaraz egituratuko diren proiektuak sustatzera bideraturiko kooperatibaren gidari dira”, azaldu zuten.
Horrez gain, aipatu zuten 2010etik Bai Euskarari Ziurtagiria duela elkarteak. Pilar García de Salazarek, Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiordeak eman zuen saria eta Izar Mendiguren Aiaraldea Hedabideko zuzendariak jaso zuen.
Mendigurenek ordezkatu zuen kooperatiba osotasunean, ez soilik komunikazio ildoa. Izan ere, elkarteak lantzen ditu esparru gehiago eta horretarako sortu du Aiaraldea Ekintzen Faktoria, hezkuntza ez arautuan, feminismoan edota ekonomia eraldatzailean eragiteko.
Ekitaldian saridunek ez ezik, hainbat ordezkari politikok ere parte hartu zuten; Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldunak, edo EAJko, EH Bilduko eta Podemoseko kideek, adibidez. Araski Saskibaloi Taldea ere egon zen publikoaren artean.
Eskualdeko saridun gehiago
Edonola ere, atzokoa izan zen sarien 4. edizioa eta aurrekoetan eskualdeko proiektu gehiagoren lana aitortu dute. Esaterako, 2010ean JEZ Sistemas Ferroviarios enpresak jaso zuen, 2012an Cuadrabus eta Gometegui korporazioek egin zuten eta 2016an Adigrafik inprimategiak.