Gaur abiatu dute 4 eguneko greba EAEn Kristau Eskolako ikastetxeetan. Hedabideen arabera, jarraipena handia izaten ari da orokorrean, baina ez Aiaraldean. Berez, Amurrioko Virgen Niñako langileek bakarrik jo dute modu jendetsuan lanuzteetara. Zehazki, %54a ez da joan beharrera.
Laudioko La Milagrosan inor ez da protestara batu eta Urduñako Antzinako Andra Marin, ordea, 2 langilek bat egin dute sindikatuen deialdiarekin.
Virgen Niñako ordezkari batek ziurtatu du gaurko manifestazioan jende pilok parte hartu duela, aurrekoetan baino gehiagok, baina Aiaraldean ez duela islarik izan ekimenak. Aldi berean, azpimarratu du mobilizazioa ez dela ikastetxeetako zuzendaritzen aurka, baizik eta Kristau Eskolako patronalaren kontra.
Grebalariek exijitu dute lan hitzarmena berritzea, 2009. urtetik ez baita eguneratu. Horrez gain, soldata igoerak aldarrikatu dituzte, lan karga murriztea eta jaiotzen beherakadaren ondorioz lanpostu barik geratu direnei bestelako tokia bilatzea.