Zenbat etxegabe daude Aiaraldean?

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko aza. 28a, 07:00
Eusko Jaurlaritzak eginiko zenbaketan bi etxegabe kontabilizatu zituzten eskualdean. Aiaraldea.eus

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 26 herritan egin du Eusko Jarularitzak bizitegi bazterketa larria duten pertsonen gaineko  ikerketa. Horien artean daude Urduña, Amurrio eta Laudio. Guztira 2 lagun kontabilizatu dituzte bizitoki gabe eskualdean. 30 aiaraldear aritu dira boluntario lanetan. Etxegabeei laguntzeko baliabideak daude eskualdean, baina ez dago aterperik.

Zenbat pertsona ari dira kalean edo behin-behineko babeslekuetan bizitzen? Hori jakiteko atera ziren kalera urriaren 18 eta 19an EAEko 26 udalerritan. 2019an argitaratuko dituzte azterlanaren ondorioak.

Eskualdean 2 pertsona topatu dituzte bizitoki gabe, Amurrion. Gizonezkoak dira biak, baita EAEko etxegabeen %89.65 ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 435 lagun antzeman dituzte bizitoki barik, 390 gizon eta 26 emakume (%5.97). Lotan zeudenez sexua ezin bereizteagatik 19 lagun geratu dira zehaztapen horretatik kanpo. Azpimarratzekoa da, hirietan lokalizatu direla etxegabe gehien, %78.4: Bilbon 211 (%48.5), Donostian 106 (%24.4) eta Gasteizen 24 (%5.5). Gainontzeko herriekin alderatuta, nabarmentzekoa da Amurrio dela etxegabe kopuruan 8. herria, Bilbo, Oiartzun, Donosti, Bergara, Barakaldo, Irun eta Tolosaren atzetik.

Baina nola egin dira behaketak? Boluntarioz osaturiko taldeen bidez. Aiaraldean, esaterako 29 lagunek hartu dute parte: Laudion 14k, Amurrion 13k eta Urduñan 9k. Sexuari erreparatuta, emakumeak izan dira boluntario gehienak, Urduñan salbu. Datuak eskualdeko laginera ekarrita, 29tik 17 izan dira emakumeak, %58.62. EAEn, aldiz, 919 herritar atera dira kaleko bizitza neurtzera: 305 gizon eta 614 emakume (%66.81). Galdetegiari dagokienez, 31 elementu aztertu dituzte, ezaugarri soziodemografikoak identifikatze aldera. 22:00etatik 02:00etara ibili dira horretarako kalez kale.

Hala, pertsona horien egoera administratiboa, osasunarena, eta gizarte harremanei buruzko informazioa bildu dute. Dena den, fitxan jasotako datuak soilik aurkeztu dituzte momentuz, galdetegia esna egonik elkarrizketa egin nahi zuten etxegabeei soilik pasa baitzieten.

"Gaueko errolda zenbaketa" izendatu dute esperientzia. “Zenbat pertsona dauden egoera horietan eta zein ezaugarri dituzten ezagutzeko oso metodologia baliagarria da”, adierazi dute ikerketa txostenean. Laugarren aldiz gauzatu dute behaketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Aiaraldean, baina, bigarrenez burutu da. Hirietan soilik ikertu zuten 2012an, 2014an 10 udalerri gehiago batu ziren, eta 2016an 24. Hala, 2018ko edizioan 26 herritan aritu dira herritarren egoera aztertzen: Amurrion, Urduñan, Laudion, Gasteizen, Barakaldon, Bilbon, Erandion, Galdakaon, Getxon, Gueñesen, Leioan, Portugaleten, Santurtzin, Sestaon, Zallan, Bergaran, Donostian, Eibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen, Legazpin, Oiartzunen, Pasaian, Arrasaten eta Tolosan. Guztiak barne hartuta, EAEko biztanle guztien %66 ikertu dute, beraz.

 

Etxegabeen igoera nabarmena egon da EAEn. Azken sei urteetan ia bikoiztu egin da kopurua. Aiaraldean, baina, ez dago bilakaera aztertzeko datu nahikorik



Igoera nabarmena EAEn
2012tik 2018ra egin dira behaketak EAEn. Laudio eta Urduñan birritan gauzatu dute zenbaketa, 2016an eta aurten; eta bietan ez da etxegaberik topatu. Amurrion aurrenekoz osatu dute ikuskaketa, eta, beraz, bilakaera ezin da aztertu.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina 161 hazi da kopurua azken bi urteetan: 2012an 243 lagun zeuden bizitoki gabe, 2014an 323, 2016an 274 eta 2018an 435.

Eskualdeko baliabideak
Gizarte ekintzetarako zer nolako politikak darabiltzate eskualdeko udalek? Isabel Boveda zinegotziaren hitzetan, Laudioko zerbitzu sozialak teilatu gabeko pertsonarik ez egoteko bideratuta daude: “Janari, farmazia eta mugikortasun baliabideak errazteko arreta programa dugu martxan, eta Laudion erroldatuta daudenentzat sozialki normalizatzeko zenbait baliabide daude: pisuak kasu, etxegabetze arriskuan daudenentzat bezala”. Bovedak erantsi duenez, larrialdietarako etxebizitzak dituzte indarkeria matxista jasan dute emakume erasotuentzat edota errefuxiatuentzat, besteak beste. Amurrioko Udalak, aldiz, adierazi du erraztasunak ematen dituela "inork kalean lo egin ez dezan".

Joselu Grande Urduñako ongizate zinegotziak tokiko instituzioaren politika eta baliabideak aipatu ditu: “Urduñako Biltegian elikagaiak, arropa eta etxeetarako materialak daude eskura baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsona eta familientzat”. Horrez gain, gizarte hezitzaileek esku hartze  komunitarioak egiten dituzte, “gatazken kudeaketan, ohitura osasungarrien sustapenean eta Urduñan jendarteratzen laguntzeko”.

Larrialdi Zerbitzuetarako eskaintzaz gain, bazterketa sozial berezia duten 18 eta 23 urteko gazteentzat ere aparteko laguntzak dituzte. “Bono soziala ere badugu, aukera ekonomiko urridunek argindarraren fakturan deskontua jaso dezaten”, kontatu du. Granderen iritziz, Urduñan ez dago etxegaberik baliabide horiekin muturreko egoeran daudenak artatu dituztelako: “Kasurik balego, eta Urduñako Udal baliabideekin ezingo balitzaio erantzun, Bilboko Gizarte Larrialdi Zerbitzura bideratuko litzateke herritarra, Urduñan elikagaiak eta arropa emango litzaizkioke, baita Bilborako tren garraioa ordaindu ere”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide