Asier Amondo Korrikako arduradunak aurkeztu du, besteak beste, Garesetik Gasteizera Euskal Herria zeharkatuko duen ekimenaren kanta: "Abestia partaideekin batera aurkeztu dugu. Fermin Muguruza izan da abestiaren eta bideokliparen zuzendari artistikoa". Urtarrilaren 9an emango dituzte ibilbideari buruzko xehetasunak. Guztira, 100 lagunek hartu dute parte lanean, Amondoren hitzetan. "Trap, dancehall eta hip-hop doinuak eta euskal tradiziokoak nahasten dira abestian, Fermin Muguruzak ohikoa duen estiloan. Garestik Gasteizko bidea girotzeko kantu ezin hobea da, beraz, indartsua eta berritzailea", erantsi du.
Idoia Jimenez Ibarra txistulari laudioarrak eman dio kutsu tradizionala soinu bandari: "Esperientzia benetan polita izan da. Bertara heldu nintzenean urduri nengoen: ez nekien zer egin, baina zuzendariak (Fermin Muguruzak) ongi azaldu zidan zein zen kliparen helburua eta pare bat aldiz egin ondoren primeran atera zen. Lagun artean bezala sentitu nintzen".
Ainhize Solaun Mendiguren dantzari amurrioarra ere aritu da figurante, eta pozik azaldu da emaitzarekin: "Oso esperientzia polita izan da, ez dut inoiz horrelakorik egin eta". Amurrio Antzokiko 10.urteurrenean aritu zen bakarka dantzan: "Toma asko grabatu behar dira, askotan errepikatu behar da berdina. Jende ospetsuarekin aritzeak beti pizten du ilusioa. Abestia ezberdina da, baina oso polita".